Urtero bezala, Science zientzia-aldizkari ospetsuenak urteko hamar aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenen zerrenda egin du. Lehen lekuan, hiesareren prebentzioan mugarri izan daitekeen albiste bat jarri du; izan ere, hiesaren tratamenduan erabiltzen diren botika antirretrobiralak hiesetik babesteko ere eraginkorrak direla frogatu dute ikertzaileek. Horrenbestez, pilula antirretrobiralek estrategia-aldaketa bat ekar dezakete hiesaren prebentzioan, bereziki kondoiaren erabilera sozialki onartzen ez den lekuetan.
Horren atzetik, Hayabusa misioa jarri dute zerrendan. Eta podiuma osatzeko klasiko bat proposatu dute: giza eboluzioa ulertzeko gako diren azken aurkikuntzak, tartean, denisovarrena. Jarraian datoz proteina fotosintetikoaren deskripzioa, espazioan topatutako gas-hodeia, mikrobiomaren azterketa, malariaren aurkako txertoa, eguzki-sistema arraroak, zeolitak diseinatzeko sistema hobeak eta merkeak, eta zelula zaharkituak gorputzetik garbitzeko mekanismoa. Alegia, denetik pixka bat.
Bo, den-denetik ez, aurten oihartzun handia izan duten beste albiste batzuk ez baitira agertzen zerrendan; hala nola Fukushimako zentralarekin lotutako ikerketak, Einsteinen teoria zalantzan jarri omen zuten neutrino azkarrak, Higgs bosoia agian detektatu izana (edo agian ez), eta, nola ez, Lurraren antza duen eta, beraz, bizidunak izan ditzakeen exoplanetaren aurkikuntza.
Zein sartuko zenituzke zure zerrendan?
Post new comment