Ilya Ivanoven ametsa: gizatximinoa sortzea

12/26/2011
Printer-friendly versionSend to friend

Egoitz Etxebeste

Ilya Ivanov
Ilya Ivanov

Ilya Ivanov errusiarra biologo entzutetsua zen, intseminazio artifizialean aitzindaria. Intseminazio artifiziala erabiliz, animaliaren arteko hibridoak sortu zituen: zebra eta astoa gurutzatu zituen, bisontea eta behia, antilopea eta behia, sagua eta arratoia, sagua eta akuria, akuria eta untxia, untxia eta erbia, eta abar. Hibridazio haien arrakasta ikusita, 1910ean, Graz-eko Zoologoen Munduko Kongresuan esan zuen posible izan zitekeela, intseminazio artifizialaren bidez, gizakiaren eta tximuaren arteko hibrido bat lortzea ere.

Garai hartan burutazio hutsa zen oraindik. Baina hamarkada bat geroago, ideia hura praktikan jartzeko planak egiten ari zen Ivanov. 1924an bere proposamena aurkeztu zion gobernu boltxebikeari. Gizakiak tximutik eboluzionatu zuela frogatzeko aukera gisa saldu zuen proiektua Ivanovek. Gainera, arrakasta bazuen, zientzia sobietarraren ospea handitzeaz gain, erlijioaren aurkako propaganda ezin hobea izango zen. Gobernuaren babesa eta finantziazioa lortu zituen Ivanovek, Afrikan esperimentu haiek egiten hasteko.

Esperimentuak, ordea, ez ziren ondo atera. Ordurako, Ivanovek argi zuen gizakiaren eta tximuaren arteko hibridoa lortzeko aukera bakarra zein zen: zientziaren alde egiteko prest leudekeen emakume sobietar boluntarioak intseminatzea.

1929ko udaberrian lortu zuen Sukhumin esperimentu haiek egiteko baimena eta finantziazioa. Eta boluntariorik ez zen falta. Izan ere, Ivanoven esperimentuek prentsan zuten oihartzunaren eraginez, hamaika gutun iritsi ziren Sukhumiko zentrora; gizonezkoek nahiz emakumezkoek beren burua eskaintzen zuten ikerketa hartarako.

Garai hartan, zentroan tximino heldu bakarra zuten: Tarzan, 26 urteko orangutana. Baina, intseminaziorik egitera iritsi baino lehen, garuneko hemorragia batez hil zen Tarzan. 1930eko udan tximu gehiago iritsi baziren ere, bitartean aldaketa politikoak izan ziren, eta Ivanov kritika gogorrak jasotzen hasi zen. 1930eko abenduan atxilotu eta Kazakhstanera erbesteratu zuten. Hantxe hil zen, 1932ko martxoan.

Sukhumira boluntarioen gutunek iristen jarraitu zuten. Eta, gerora herritarrek esan izan zutenez, izan zen "tximuekin lo egin zuen erorik" ere. 

No votes yet

Post new comment

CAPTCHA
This question is for testing whether you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.