Pazientzia, kontzentrazioa eta logika pixka bat. Eta, trukean, sudokuak gimnasia ederra dira gure burmuinarentzat. Baita denbora-pasa atsegina ere. Horrexegatik bihurtu dira ohikoak egunkari guztietan: egunero-egunero sudoku ezberdin bat dugu aukeran. Izan ere, sudoku posibleak asko eta asko dira.
Soluzio posible guztien kopurua 2005ean kalkulatu zuten ordenagailu bidezko logika eta frogekin. Zenbakia izugarria da: 6,67 eta 21 zero atzetik. Emaitza simetrikoak kontuan izanda ordea, benetan ezberdinak diren soluzio posibleak askoz gutxiago dira: 5.400 milioi pasatxo.
Baina sudokuen inguruan bada ebatzi gabeko problemarik ere: oraindik ez da ezagutzen zein den emaitza bakarra sorrarazten duen hasierako zenbaki kopururik txikiena, nahiz eta japoniarrak horretan ere buru-belarri ari diren.
Sudokuak XIX. mendean asmatu zituen konbinatoria matematikoa landu zuen Gaston Tarry frantsesak. Inoiz ez zuen imajinatuko 150 urte geroago zer nolako arrakasta izango zuten. Australian duela pare bat urte, adibidez, droga-kontuei buruzko epaiketa bat bertan behera geratu zen, konturatu zirenean hamabi epaimahaikideetatik bost frogak entzuten egon beharrean sudokuak egiten aritu zirela.
Post new comment