Hiesik/ihesik gabe

2008/10/08
Printer-friendly versionSend to friend

Irrika

hiesa
hiesa

Hiesak 25 urte bete ditu aurten. Ez, ez da hala; berez, GIBak, hiesaren birusak, 25 urte baino gehiago daramatza pertsonak kutsatzen. Hain zuzen, Arizonako Unibertsitatean egin dituzten ikerketen arabera, mende bat inguru izango luke. Baina aurten 25 urte bete dira hiesaren birusa identifikatu zutela.

Garai hartan, hiesa ez zegoen gaur egun bezain hedatua. Areago, XX. mendearen erdialdera arte oso arraroa zen; nonbait, populazioa hirietan biltzeak eragin handia izan du hiesaren hedapenean. Duela 25 urte, beraz, oso hedatua ez zegoen, baina bazeuden kasu batzuk. Eta sendagileek ez zekiten zerk sortzen zuen gaixotasun hilgarri hura.

Gaitza birus batek sortzen zuela jakin zutenetik, eta birus hori identifikatu zutenetik, sendagileek asko aurreratu dute. Asko bai... baina ez nahi bezainbeste. Birusa identifikatu orduko, infekzioa galarazteko txerto baten bila hasi ziren ikertzaileak. Itxaropen handia zuten: 1984an, hiesaren txertoa bi urteren buruan proba-fasean izango zela iragarri zuen Estatu Batuetako orduko osasun-arduradunak. Bistan denez, oso oker zegoen.

Ordutik, birusak 60 milioi pertsona infektatu ditu, eta 25 milioi hil ditu. Eta oraindik ez dute txertoa egitea lortu. Gainera, uste zuten baino askoz zailtasun gehiago ari dira izaten. Mutatzeko gaitasun ikaragarria, izugarria, du. Egin kontu: infektatutako pertsona bakar baten gorputzean GIB mota gehiago daude gripe-izurri batean mundu osoan sortzen diren gripe-birus mota baino. Gainera, estratega aparta da, gorputza mikroorganismoen erasoetatik babesten duten zeluletan ezkutatzen baita, eta indargabetu egiten baititu. Hala, gorputza babesgabe uzten du. Oso-oso zaila da hiesari aurre egitea.

Hala eta guztiz ere, ezin da esan aurreratu ez denik. Botika erretrobiralei esker, gaixotasun hilgarria izatetik kronikoa izatera igaro da... garatutako herrialdeetan. Izan ere, leku askotan gaixoek ez dute botikak erosteko aukerarik. Horrez gain, osasun-sistema ahula eta prebentzio-neurri eskasak dituztenez, hiesa gero eta gehiago ari da hedatzen herrialde horietan.

Hori dela eta, Afrikan aritzen diren sendagile eta ikertzaile askok uste dute hiesaren aurkako borrokan aurrerapauso handia emango litzatekeela herrialdeen artean dagoen desoreka konponduz gero. Beste 25 urte igaro aurretik gertatuko ote da hori? Ez du ematen. Baina ea bitarte horretan txertoa lortzen duten, gutxienez.

 

 

Kondoia: jakin bai, baina jarri?

15 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, sexu-harremanetan kondoirik ez erabiltzea arduragabekeria bat da. Badakite, badakigu, kondoiak hiesetik babesten duela, eta, beraz, birusaren transmisioa galarazteko modurik onena horixe dela, kondoia erabiltzea. Hala azaltzen da, behintzat, Gazteen Euskal Behatokiak kaleratu berri duen txostenean .

 

kondoiak

EAEko gazteek osasunaz duten pertzepzioari buruzko ikerketaren emaitzak biltzen ditu txostenak, eta, aipatutakoaz gain, beste gauza asko azaltzen dira hiesaren gainean. Eta denak ez dira hain positiboak. Adibidez, batzuek uste okerrak dituzte; esaterako, uste dute hiesa duen pertsona bati fisikoan antzeman egiten zaiola, eta, beraz, itxura osasuntsua duenak ez duela hiesik. Horrez gain, gazte askok aitortzen dute batzuetan edo sarritan ez dutela kondoirik erabiltzen sexu-harremanetan, arriskutsua dela jakin arren.

Kondoia ez erabiltzeak sexu bidezko gaixotasunen kasuak areagotzea ekarri du. Ez hiesarenak bakarrik: Osakidetzaren arabera, 2003 eta 2007 artean, sifili-kasuak % 16 hazi dira, eta gonorrearenak, berriz, hirukoiztu egin dira.  

Botorik gabe oraindik

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.