Espainiako gobernuak erabaki du non egingo duen hondakin nuklearren biltegia. Cuencako herri bat izan da aukeratua, Villar de Cañas, eta han egingo duten biltegiak Espainako zentraletan sortzen diren erradioaktibitate-maila altuko hondakinak jaso eta gordeko ditu.
ATC edo aldi baterako biltegi zentralizatua izango da: aldi baterakoa, 60 urtez gordeko baititu hondakinak; biltegia, eraikin pasiboa baita, eta zentralizatua, Espainiako zentraletako hondakinak leku bakarrean bilduko baititu.
Orain arte, Espainian dagoen biltegi zentralizatu bakarra El Cabrilekoa da (Córdoba). Han erradioaktibitate-maila ertaineko eta txikiko hondakinak gordetzen dira, bai zentraletatik datozenak, bai ospitaleetan, ikerketa-zentroetan eta industrian sortzen direnak.
Zentraletan sortzen den material erradioaktibo nagusia, baina, erabilitako erregaia da, eta horren erradioaktibitate-maila altua da. Horrenbestez, Villar de Cañaseko biltegia bereziki prestatuta egongo da erabilitako erregai hori gordetzeko (7.000 tona), eta baita zentralak itxi ahala geratuko diren beste material batzuk hartzeko ere.
Biltegi berria eraikitzeko lehen fasea 2015ean amaituko da, eta, bitartean, hondakinek zentralek dituzten urmaeletan jarraituko dute, Arazoa da dagoeneko lekurik gabe geratzen ari direla. Gainera, Vandellós 1 zentraleko hondakinak Frantzian daude gordeta, eta hitzartutako epea amaitu berria da; beraz, laster itzuliko dituzte. Antzekoa gertatzen da Britainia Handian gordeta dituzten Garoñako hondakinekin.
Edonola ere, nabarmentzekoa da biltegia aldi baterakoa dela, 60 urterako, eta hondakin erradioaktiboek milaka urtetan jarraituko dute erradiazioa askatzen.
Bidali iruzkin berria