Zeurekoia zara? Testosteronak du errua

2012/02/08
Printer-friendly versionSend to friend

Ana Galarraga

neska bat mutil bati muskuluak erakusten

Odoleko testosterona-maila igotzeak berekoi jokatzera bultzatzen duela frogatu dute Londresko Unibertsitateko ikertzaileek.  Haien esanean, ikerketa baliagarriak da "ulertzeko zer eragin duten pertsona menderatzaileek taldeko erabakietan".

Orain arte, taldeko erabakietan eragina duten mekanismo biologikoak ulertzeko ikerketetan, elkarlana sustatzen duten faktoreei jarri izan zaie arreta. Adibidez, ikusi dute oxitozina hormonak lankidetzan jarduteko joera areagotzen duela. Orain, testosteronak kontrako eragina duela erakutsi dute.

Horretarako, 17 boluntario-bikote aztertu dituzte, denak emakumeak. Bikoteek proba batzuk egin behar izan zituzten; proba haietan, emaitza hobeak lortzen zituzten elkarlanean arituz gero, eta halaxe jokatu zuten bikote gehienek. Alabaina, erdiei testosterona-injekzio bat eman ondoren, testosterona jasotakoek jokabide berekoia erakutsi zuten, bikotearen kaltetan izan arren.

Ikertzaileek argitu dute ikerketan emakumezkoek bakarrik hartu dutela parte, gizonezkoek berez dutelako testosterona-maila altua, eta, kanpotik emanez gero, gorputzak berezko ekoizpena jaisten duelako. Hori dela eta, gizonezkoei testosterona injektatuta ere, ez da hormonaren maila igotzen odolean. 

Guztira: 5 (boto 1)

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.