Arkitekturako bosgarren mailako ikaslea. Arkitekturarekiko zaletasunaz gain, beste herrialde batzuk ezagutu eta bertan laguntzeko grina ere badu; hainbat proiektutan hartu du parte boluntario moduan. Desiratzen dago karrera amaitu eta ikasitakoa praktikan jartzeko, kanpoan zein hemen laguntzeko.
Zer moduz arkitektura ikasten?
Ondo. Betidanik ikasi nahi izan dut arkitektura. Hemen sartu nintzenean, beraz, gustura, nire ametsa bete bainuen.
Baina beste gauza mordo bat ere egiten duzu.
Bueno, orain karreran zentratu nahian nabil, ea bukatzen dudan. Baina bai, denbora librean saiatzen naiz gauza desberdinak egiten. Beti gustatu izan zait mugitzea.
Adibidez...
Udan Aranzadikoekin Guatemalara joan nintzen. Institutuan nengoela, berriz, amak, Munduko Medikuetan aritzen zenez, proiektuak ikustera joan behar zuen, eta guk lagundu egiten genion. Nahiko gauza interesgarriak ikusi ditut.
Goazen poliki-poliki. Guatemala...
Unibertsitateko eskutitz bat jaso nuen, udan Aranzadikoekin ikastaro batzuk zeudela esaten zuena; bi nahiko interesgarriak ziren: bata Guatemalara eta bestea Ekuadorrera. Guatemalan, maien eraikinetan arkeologia-lanak egitea zen kontua, eta arkitektura-ikaslea naizenez, asko interesatzen zitzaidan.

Zer egin zenuten han?
Hilabete egin genuen. Lehenengo hiru asteetan, astelehenetik igandera lan egiten genuen Peten-eko oihanean, La Blanca herrixka txikian. Alboan hondar maia batzuk zeuden. Bitxia izan zen, zeren lehenengo egunean hauxe esan ziguten: "Bi boluntario behar ditugu jauregi honen altxaerak hartzeko, jauregiaren planoak marrazteko. Orban beltz horiek ondo dokumentatu behar dituzue, uste baitugu bertan suteak egiten zituztela". Hasi ginen begiratzen orban horiek zer ziren, eta konturatu ginen grafitiak zirela.
Grafitiak?!
Denbora-pasa moduan egiten zituzten marrazkiak paretetan. Guk gizon bat aurkitu genuen bere txapelarekin, dena bikain, lumak etab. Pila bat aurkitu genituen!
A ze aurkikuntza!
Bai, gainera, jauregiak lur azpian zeuden. Maiak zikloka joaten ziren hiri batetik bestera. Familiakoak joaten zirenean dena lurperatzen zuten, orduan, jauregiak maila desberdinetan daude. Lurra kentzean grafiti horiek aire eta ingurugiroaren menpe gelditzen dira, denborak aurrera egin ahala galdu egingo dira, eta egin genuena denak dokumentatzea izan zen. Azetato-paperak -gardenak direnak- jartzen genituen, eta boligrafoekin eta linternarekin joaten ginen pixkanaka-pixkanaka denak marrazten. Lan gogorra izan zen baina polita, hori bai!
Eta Munduko Medikuetan zertan aritu zinen?
Gauza da, gure ama betidanik egon dela sartuta Munduko Medikuetan. Euskadiko Munduko Medikuetako lehendakaria izan zen, eta txikitatik kamisetak saltzen eta ahal nuena egiten nuen berarekin. Lehenengo bidaia 12 urte nituela egin nuen. Chiapasera joan nintzen.
Chiapasera?
Nire bizitzako bidaia izan zen! Eta horrela ikusten dut oraindino. Gure amak Munduko Medikuetako proiektu batzuk ikusi behar zituen Aguascalientes (zapatisten kanpamentua) batean, eta hirurok joan ginen, ahizpa, ama eta ni.
Zer egin zenuten han?
Nik, gehienbat, entzun. Joan ginenean, politika aldetik nahiko momentu zaila zen hangoa. Paramilitarrak gauza dezente egiten ari ziren. Egiten zizkieten torturak kontatu zizkiguten, nahiko gogorra izan zen.
Beste non egon zara?
Kuban, 15 urterekin. Amaren lagunen etxean egon ginen, beraien seme-alabekin. Zu turista moduan joaten bazara Kubara, turistentzako daukatena erakusten dizute, eta oso desberdina da. Bertakoa izanda beste giro bat da. Oso ondo pasa genuen.
Eta non gehiago?
Gero Saharara joan ginen. Gabon zaharrak pasatzera, astebete. Han ere kanpamentu batera joan ginen, ezagutzen genuen emakume baten etxera. Oso pertsona interesgarria zen, lehenengo emakumezko kazetaria baitzen Sahara okupatu baino lehen. Orain, kanpamenduan, etxekoandre bat da. Pena bat da horrelako pertsona trebatuek hain aukera gutxi izatea ezer egiteko.

Herri hauetatik zerk harritu zaitu gehien?
Aberatsena jendea ezagutzea izan da, eta eurekin hitz egitea, eta euren bizimodua nolakoa den ikustea. Noski, paisaia zoragarriak ez ditut alde batera utziko. Baina gehienbat, jendearekin egotea.
Ikasketak bukatu eta gero, zer?
Ba gustatuko litzaidake boluntario moduan aritzea arkitekturako proiektuetan.
Zure ametsetako arkitektura-proiektua...
Niri berreraikitzea pila bat gustatzen zait, eta bertako zein beste tokiko arkitektura tradizionala aztertzea. Bide hori hartu nahi dut. Nire ezagutzak beste batzuei laguntzeko erabili nahi ditut.

Bidali iruzkin berria