"Krisiagatik produkzio lan gutxiago zegoenez, saltzen ahalegindu beharra zegoen"

2010/06/04
Printer-friendly versionSend to friend
Aitor Arakistain
Lorea Arakistain
aritz-lakuan.jpg
aritz-lakuan.jpg

Mekanizazio bidezko produkzioko ikasketak egin ostean, Finlandiako Hyvinkää herrian egin zituen lan-praktikak. Esperientzia hark gehiago ikasteko grina piztu zion, eta Industri Ingeniari Teknikoa ikasten dihardu UPV/EHUren Eibarko campusean, Mekanikako espezializazioa, hain zuzen. 

Finlandia herri ia perfektu eta eredutzat aurkeztu ohi da. Hala da?
Klima ez da perfektua, garraio publikoa ere garestia da... baina gauza oso on asko dituela egia da: bizi-kalitatea oso ona da eta jendea heziera onekoa, atsegina; primeran hartu gintuzten. Gainera, han guztiek egiten zuten ingelesez, eta horrek integrazioa errazten du.

aritz-zerua.jpg

Zerbaiten falta sentitu zenuen?
Hemengo jatekoarena! Hangoa oso ezberdina da, eta ez hemengoa bezain ona. Beno, eta logela konpartitu beharra eta pertsianarik gabe lo egitea ere ez zen oso erosoa, kar kar. Neguan... beno, baina udaberri aldean ez zen gaurik!

Lan egiteko moduan bada alderik?
Lan egiteko modua ez da horren ezberdina, baina baliabideak hobeak dira. Enpresak zerbitzu gehiago eskaintzen dizkio langileari. Sauna, gimnasioa... enpresan bertan genituen.

Zer lan egiten zenuen?
Makinak muntatu, planoak antolatu eta itzultzaile-lana. Horrez gain, enpresak harremana zuen hemengo enpresekin; eta nik lan komertziala ere egiten nuen Espainia eta Euskal Herriko enpresekin. Krisia tarteko produkzio-lan gutxiago zegoenez, saltzen ahalegindu beharra zegoen.

Sauna Finlandian zer da, erlijioa?
Kulturaren parte da. Hemen lagunak poteatzeko elkartzen garen bezala, han saunara joateko elkartzen ginen. Eta, noski, garagardoak eramaten dituzte.

aritz-zubia.jpg

Nola bizi izan zenuen krisia Finlandian?
Enpresan lan gutxiago zegoela nabaritzen zen; baina jendea lasai zegoen. Eta, ondorioak ez dira hemen bezain dramatikoak izan.

Momenturik onenak?
Momentu on asko egon arren, ezin dut bat aukeratu. Esperientzia bera, osotasunean, izan da momentu oso ona.

Momentu txarrik ere izango zen...
Ez!!!

Bueltako hegaldiarekin joan arren, geratzeko tentaziorik izan zenuen?
Bai, noski. Baina bizpahiru hilabeterako. Gustura egingo nituen han hilabete batzuk gehiago, baina ez dut uste bertan bizitzen geratuko nintzatekeenik.

Udan itzuli, krisian sartu eta hemen lan egiteko eskaintza jaso arren, ezetz esan zenuen?
Iruditu zitzaidan oraindik banuela zer ikasi; eta, ikasten jarraitzeko erabakia hartuta, unibertsitatean eman nuen izena. Formazioa osatzeko momentua zela uste nuen.

aritz-laguna.jpg

Finlandian zure pisukide izan zirenek erabaki berbera hartu zuten?
Bai, bi lagunek bai. Euskal Herritik joan arren, han egin ginen lagun; bide berari jarraitu diogu, eta unibertsitate-ikasketak hasi ditugu Eibarko Ingeniaritza Eskolan.

Zer moduz unibertsitatean?
Ondo. Zikloan baino lan gehiago egin behar da, baina gustura nago. Alde nagusia da unibertsitatea teorikoagoa dela.

Ingeniaritzak zailak omen dira.
Gaiak eta gaiak daude. Baina erraza ez da, eta ikasi egin behar da. Goi-mailako zikloetan ikasgelan lan eginda nahikoa da; eta hemen ez.

Emaitzak onak izaten ari dira.
Bai, lehen emaitzak oso onak izan dira.

Botorik gabe oraindik

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.