“Unibertsitatean egindako konposatu batzuk patentatu genituen”

2010/02/10
Printer-friendly versionSend to friend
Aizpea Zubia
Lorea Arakistain
azipea_zubia.jpg
azipea_zubia.jpg

UPV/EHUren Ibaetako Campuseko Korta eraikinera joaten da Aizpea egunero. Unibertsitate-giroan bizi den arren, aspaldi utzi zion ikasteari. Ikertzailea eta enpresaria da unibertsitatean sortutako IkerChem enpresan. Botikak bilatzen egiten dute lan, farmakologiaren industrian; botikarik ez du hartzen, ordea. Nola azaldu zer egiten duen kimikari batek?
Kimikaren definizioa edo nire ikuspuntua da ulertzea materia edo gauzak nola osatuta dauden eta aldaketak nola gertatzen diren. Eta aplikatutako ikerkuntza izan daiteke erreakzio kimikoak egitea eta ulertzea nola gertatzen diren.


Farmaziaren eta kimikaren artean zalantza egin zenuen. Kimika ikasi, eta botiken industriara bideratu duzu lana.

Bidea egitean joaten zara gustuko dituzun gaiak aukeratzen; baina kasualitatea izan da, egia esan. Karreran, materialen zientzia espezialitatea ikasi nuen; tesia egiten ari nintzela sartu nintzen kimika organikoaren munduan, eta kimika organikotik izan nuen aukera kimika farmazeutikora edo kimika medikora salto egiteko. Kasualitatea.

Industria farmazeutikoa erraldoiena da?
Bai eta ez. Azkenean, kontzeptua nahiko sinplea da, baina konposatu bat merkatura iristeko eman behar diren pausoak luzeak dira, batzuetan konplikatuak eta diru asko behar dutenak.

Txikiak badu aukerarik?
Bai, baina planteamendua pixka bat ezberdina da baliabide gutxiago ditugulako; eta ez dakigu gai izango garen bukaeraraino gu geu iristeko edo erdibidean saldu beharko diogun gure proiektua edo gure produkturen bat enpresa farmazeutiko handiren bati.

Horren gaiztoak dira enpresa farmazeutikoak?
Bueno, mundu honetan bakarrik ez, dirua tarteko dagoen guztietan - esaten dute automozioaren munduan ere espioitza handia dagoela-; eta nik uste merkatuko interesak dauden lekuetan beti daudela azpijokoak.

azipea_zubia2.jpg

Nola sortu da IkerChem?
Unibertsitatean, Medikuntza Fakultateko jendearekin elkarlanean aritu ginen proiektu batean. Orduan ikusi genuen gai ginela konposatu batzuk sortzeko, gero adibidez medikuntzan aplikazioak zituztenak, eta eskatzen zizkigutenak. Unibertsitatean geundela egin genituen konposatu batzuk oso jarduera biologiko ona eman zuten, eta patentatu egin genituen. Eta patente horiei garapena emateko enpresa txiki bat sortu genuen, spin-off bat.

Kudeaketa-lanak ere egiten ditu enpresak?
Hasieran, denetik egitea tokatu zitzaigun. Miramongo Bic Berrilanen enpresa-mintegiaren laguntza izan dugu lege eta diru aldetik formazio minimo batekin moldatu eta aurrera egiten jakiteko. Orain, handitzen ari gara, eta bestelako laguntzetara, aholkularitzetara, jotzen dugu.


Nola bilatzen da farmako bat?
Enpresa farmazeutiko handiek, nondik hasi ez dakitenean, milaka eta milaka konposatu testatzen dituzte sistematikoki gaixotasun jakin baten kontra. Eta aurkitzen badituzte eragiten duten konposatu bat edo gehiago, horiek hartzen dituzte abiapuntu, eta gero joaten dira hobekuntzak egiten. Guk ez dugu halako baliabiderik, eta gure ikuspuntua ezberdina da. Jotzen dugu gaixotasun horren iturrian egon daitekeen arazo batera -adibidez, proteina baten funtzionamendu txarra-, aztertzen dugu proteina hori ordenagailu bitartez, eta proteina hori molde gisa erabiliz saiatzen gara konposatu txiki batzuk sortzen, molde horrekin bat etorriko liratekeenak.

Lehia handia dago?
Bai. Baina nik uste dut denontzat dagoela lekua. Garai batean, farmazeutiken helburua zen denak etxean eduki eta beraiek kontrolatzea prozesu guztia. Orain, batzuetan egiten dute inguruko enpresa txikiak zer egiten ari diren begiratu, eta garapenaren erdibidean dauden produktu edo konposatuak erosi. Ez dakigu gure bezeroa kaleko jendea izango den, edo beste farmazeutika batzuk, handiagoak.

Botikarik hartzen duzu?
Ez gehiegi, kar-kar. Badakizu, errementeriaren etxean, zotza burruntzi.

Botorik gabe oraindik

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.