Ion Agirrezabal iruindarrak 25 urte ditu, eta orain Bartzelonan bizi da, Hospital Clínic-eko Neuroimmunologia departamentuan doktoretza egiten ari baita. Horren aurretik, Biokimikan lizentziatu zen, Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako master bat egin zuen, Fisikako ikasketak ere baditu, bost hizkuntzatan moldatzen da...
Oker zabiltza; beste asko bezala! Ikasketek eta parrandek ez dute zertan elkarrengandik urrun bizi. Kontua da behar bezala antolatzea, eta, argi izatea biendako nahikoa denbora ateratzerik badagoela. Gainera, ez dut uste beti norbera bere ikasketetan murgilduta egotea ona denik. Kalera irten, lagunekin ahal bezain ondo pasa eta giro eta jende berria ezagutzea beharrezkoa da bizi dugun gizartean arrakasta izateko.
Eta orain, ikertzen ematen duzun denboratik aparte, baduzu tarterik beste zaletasun batzuetarako? Zer gustatzen zaizu egitea laborategitik kanpo?
Derrigorrezkoa da lanetik kanpoko bizitza izatea. Bartzelonan jende dezente ezagutu dut, eta plan berriak astero sortzen dira (toki bateko edo besteko jaiak, mendira irteerak, musika-kontzertuak...). Bestalde, kirola oinarrizkoa da nire bizitzan, eta karatean aritzen naiz batez ere. Hala ere, Euskal Herrira itzuli eta familiarekin eta betiko lagunekin egotea bezalakorik ez dago!
Zer du ikerketak zu bezalako gazte bat horrela harrapatzeko?
Ikerkuntzan aritzeak jakintzaren mugan egotea esan nahi du. Lan honetan etengabe ari gara gauza berriak ezagutzen, eta, noski, aditzera ematen. Egia da batzuetan gogor egin behar izaten dela lan, beste lanpostu gehienen antzera, baina zure emaitzak beste inork izan ez dituela jakiteak eta mundu osoarendako eskuragarria den aldizkarian argitaratua ikusteak pozik sentiarazten zaitu.
Laborategian lanean ari zarenean, gogoratzen zara zuen ikerketei esker onura jaso dezaketen pazienteekin?
Bai, noski. Gogoratu gogoratzen naiz, euren odol eta/edo ehunekin egiten baitut lan, eta, gainera, gure proiektuen helburua gaixoendako onura ekar lezaketen sendagai berriak eratzea baita. Dena den, kontuan ere izan behar da horrelako terapiak gizakiengan abian jartzeko prozesua oso luzea dela, eta, gure helburua hori izan arren, urrun egon daitekeela.
Zein da zure helburua, ikertzaile gisa?
Oro har, zientziaren garapenean ahal bezainbeste laguntzea eta, zehatzago, sistema biologikoek bere osotasunean nola funtzionatu eta eboluzionatzen duten ulertzen laguntzea. Honek onura ekarriko du, gizakiondako ez ezik, mundu osoaren oreka lortzeko ere.
Dibulgazioa ere asko gustatzen zaizula jakin dugu... Zergatik, baina?
Esan bezala, zientzian lan egitea, ikertzen aritzeaz gain, mundu osoari ezagutza berriak helaraztea da. Mundu osoari esaten dudanean ez nuke nahi inor kanpoan gelditzerik... baina, tamalez, herrialde behartsuenetako biztanle gehienek nahikoa kezka daukate bizimodua nola egin asmatzearekin. Hezkuntza-sistema garatuagoak dauzkaten herrialdeen kasuetan, aldiz, oraindik ere zientziak behar duen tokia lortu ez duela uste dut. Gizarteak urrun sumatzen du zientzia, gutxi batzuen esku eta gaitasunen araberako zer edo zer bailitzan, eta hau nabaria da estatuek ikerkuntzari eskaintzen dioten diru-kopuruari erreparatuta. Baina zientziak guztiondako izan behar du, guztion jakintza-eremu bihurtu, horrek epe luzera onura handia ekarriko baitu etorkizuneko erronka zientifiko eta etikoei behar bezala aurre egin ahal izateko. Eta nik prozesu horretan parte hartu nahiko nuke.

Bukatzeko, kontatuko diguzu laborategian izan duzun esperientzia zirraragarriena?
Lehen pazienteekin gogoratzen ote naizen galdetu didazue... Esperientziarik gogorrena ospitalean izan nuen. Guk gure lana egin ahal izateko, gaixoek euren odola ematen digute maiz, eta haren bila ospitalera joan behar izaten dut. Orain hilabete batzuk, nire adineko neska bat etorri zitzaigun kontsultara, fisikoki oso gaizki egon arren aurrera egiteko ilusio ikaragarriz zegoena. Inongo zalantzarik gabe esan zigun behar genuena eskatzeko, etorkizunean bera bezala egonen diren gazteei on egiten ari zitzaielako ziurtasunaz. Neska haren kemenak sakonki hunkitu ninduen. Horrelako bizipenek oinak lurrean ipinarazi eta daukaguna benetan baloratu behar dugula gogorarazten digute.
Bidali iruzkin berria