"Krisialdia gainditu ondoren, ez zait iruditzen gure bizimodua asko aldatuko denik"

2010/05/27
Printer-friendly versionSend to friend
Koldo M. Zabalza
Lorea Arakistain
koldo-zabalza-021-b.jpg
koldo-zabalza-021-b.jpg

EHUn, ekonomia ikasi zuen tokian, irakatsi egiten du orain. Beti aritu izan da irakaskuntzan, baita ikasten ari zenean ere.

Nola ematen da ikastetik klaseak ematerako pausoa?

Bat-bateko samarra da, irakasle izatearena niretzat berria ez bazen ere. Karrera egiten ari nintzela, klaseak ematen nituen akademietan, sos batzuk ateratzeko. Ikerketarena konplikatuagoa egiten zaizu; ikasi behar duzun zerbait da.

Ekonomia ez da zientzia zehatza...

Hala da, gizarte-zientzia da, eta bai, konplexutasunak ditu. Mark Twainek (Tom Sawyer-en abenturak idatzi zuen idazle estatubatuar famatuak) zioen bezala, “oso zaila da iragartzea, batez ere etorkizuna denean”. New Yorkeko Unibertsitateko irakasle batek, Nouriel Roubini-k, higiezinen gainbehera eta horren ondotik, mundu-mailako atzeraldia iragarri zituen 2006an. “Katastrofe doktorea” deitzen zioten, eta ez zuen sinesgarritasun handirik. Beste noizbait hanka sartu zuen, antza, iragarpen batekin.

Nola ikasten du batek ekonomiari buruz?

Horrenbeste arazo sortu dituzten zuzendariei prestakuntza ematen aritu diren negozio-eskolak kritikatzea izan da krisialdiaren ondorioetako bat. Eskola horiek enpresa handietatik oso gertu daude, eta baliteke jarrera oso kritikoa ez izatea. Harvardeko Unibertsitateak barne-batzorde bat sortu du bere prestakuntza-prozesuak aztertzeko.

Eta zuk, irakasle bezala?

Zeuk ere zeure prozesuak berrazter ditzakezu. Arazo etikoak, gizarte-erantzukizuna, hazkunde jasangarria... gai garrantzitsuak dira, eta agian ez zaie nahiko edukia ematen.

Pizten dute gai horiek interesa ikasgelan?

Zaila da, baina pixkana-pixkana egin beharreko zerbait da. Ikasleak, guk, guztiok jasotzen dugu gure kultura-ingurunearen eragina, ez da erraza korrontearen kontra joatea, eta horregatik ekin behar diogu behin eta berriz.

Aldatu egingo du krisialdi honek daramagun bizimodua edo bizimoduaren kontzeptua?

Egia da krisiak merkatuarekiko mesfidantza piztu duela herritarrengan, edo kontsumo-ohiturak aldarazi dituela. Baina krisia gainditu eta gero, ez dut uste asko aldatuko denik.

dirua-b.jpg

Sistema ekonomikoa ere ez al da aldatuko?

Zenbait alderditan, lehiakortasun, inbertsio, arrisku-profil edo arauketan, kasu, beste joera batzuk izango direla esan dezakegu. Adibidez, finantza-sistema gehiago eta egokiago arautzeko aurrerapausoak ematen ari dira, gertatutakoa berriro ez gertatzeko. Hala ere, aurrerapena oso motel doa eta egiteko asko dago. Ez naiz oso baikorra eredu-aldaketari dagokionez.

Horrek esan nahi du ez zaudela oso ados egungoarekin.

Galdera zaila. Esan dezagun krisia hasi arte merkatu librea, jarduera pribatua eta zergak jaistea zirela ekonomiaren paradigma nagusiak. Krisialdiaren ondoren, ostera, batzuek uste dute ekonomia gehiago arautuko duen beste eredu bateranzko paradigma-aldaketa gerta daitekeela. Eta niri ez dit beldurrik ematen arautze handiagoaren bidetik joateak.

Eta, iritsiko al da?

Adibide bat jarriko dizut. Sarkozyk eta Merkelek paradisu fiskalekin amaitzeko asmoa adierazi zuten, baina oso zaila da, atzean botere ekonomiko oso handia dagoelako, eta botere ekonomiko hori botere politikoa kontrolatzera iritsi daitekeelako. ELGAren 2007ko datuen arabera, 7 bilioi dolar dituzte (munduko BPGren % 13a). IBEX-35 osatzen duten enpresetatik erdiek partaidetzak dituzte egoitza paradisu fiskaletan dituzten sozietateetan, eta sozietate horiek finantza-jarduerak baino ez dituzte aitortzen. Munduan 70 paradisu fiskal daude gutxi gorabehera, 10 Europan.

Guztira: 4 (boto 1)

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.