Azpeitiarra da jaiotzez, baina beretzat Donostiatik Azpeitira joatea ez da gainerakoontzat bezain erraza. Gurpildun aulkia oztopo handia da. Hala ere, informatika ikasi eta bere enpresa sortzeko gai izan da. Kirolaria ere bada; Espainiako txapeldun izan da hamaika aldiz. Geldirik egoten ez dakien horietakoa da. Burmuineko paralisia izateak bidean aurkitu dituen oztopo guztiei konponbidea aurkitzen ahalegintzera bultzatu du. Ez da eserita, zain, geratzen den horietakoa.
Informatika ikastea erabaki zenuen. Zergatik?
Normaltasunez egiteko moduko jarduera bat zela iruditu zitzaidalako. Imajinatu medikuntza ikasi izan banu... Zaila litzateke ebakuntza-gela batean lan egitea! Baita gustuko nuelako ere, programatzea batez ere. Sasoi hartan ohikoa ez zen arren, nik ordenagailua nuen. Bestela egiteko zailak diren gauzak egiten nituen ordenagailuarekin: idatzi, komunikatu, programatu.
Donostiara iristea ez zen erraza.
Oso konplikatua. Azpeititik Donostiara joateko egokitutako garraio-zerbitzurik ez zegoen. Ezta Donostian egokitutako egoitzarik ere. Lehen urtean aitak astean behin ekartzen ninduen. Baina irakasleei ez zitzaien ondo iruditzen hain gutxitan agertzea, eta harrera-familia baten etxean hasi nintzen bizitzen, Donostian. Oraindik ere ezin dut nahi dudanean Azpeitira joan. Tenerifera bai, baina Azpeitira ez.
Oztopo horiek nahiko ezagunak dira, baina zure jarduera hain agerikoak ez diren beste oztopo batzuk konpontzera bideratu duzu, hau da, informazio-gizarteak sortzen dituen horietara.
Bai, eta konpontzeko errazagoak dira, gainera. Informazioaren gizartean integraziorako aukerak ikusten ditut nik.
Xmadina enpresaren sortzailea zara. Zer lan egiten duzue?
Minusbaliotasunak dituztenei teknologia berriak, eta batez ere informatika, gerturatzen ahalegintzen gara. Alde batetik, egokitutako hardwarea diseinatzen dugu, eta, bestetik, software mailan izan ditzaketen beharretarako erantzunak “asmatzen” saiatzen gara. Komunikazioan ere ahalegin berezia egiten dugu; komunikazioan dituzten zailtasunei irtenbidea aurkitzen ahalegintzen gara.
Adibiderik?
Testu-editore bat moldatu dugu teklatuarekin arazoak dituztenentzat, gurpildun aulkia maneiatzen den moduan erabiltzeko, hau da, joystick batekin. PDArako software bat ere garatu dugu, PDAk erabiltzailearen partez hitz egin dezan. Dena den, erabiltzaile bakoitzak bere beharrak ditu, eta horietara egokitzen gara.
Enpresari-lan horretan, zer oztoporekin egin duzu topo?
Ez naiz enpresaria, eta hasieran ez nekien nola kudeatu enpresa. Baina zailena, enpresa-jarduera bera alde batera utzita, kontzientzia zabaltzea da, teknologiak minusbaliotasunen bat dutenei bizitza erraztu diezaiekeela erakustea. Erabiltzaileak eta haiekin lan egiten dutenak —terapeutak, esaterako— kontzientziatu beharra dago. Haien jarrera, sarritan, ez da positiboa.
Informatika-arlotik kanpo ere, ezinegona baduzu.
Bai, Azpeititik irten nintzen egunean hasi nuen abentura hau. Aurkitzen ditudan oztopoei irtenbidea aurkitzen ahalegintzen naiz. Nik egin nahi nuena aurretik inork egin ez zuenez, ez neukan galtzeko ezer. Orain, esaterako, babes ofizialeko etxebizitza batean bizi naiz, bakarrik. Aukera hori bultzatu nahi dugu Bizitza Independentearen Mugimenduan.
Eliteko kirolaria zara, Espainiako txapelduna izan zara hamaika aldiz.
Bueno nik lagunartean egiten nuen kirola, beste guztiek bezala. Kontuan izan ez garela hainbeste honetan gabiltzanak, eta irabaztea ez dela horren zaila.

Bidali iruzkin berria