“Kirolariaren bizitza amaitu egiten da, eta, ordurako, bide berriak ireki behar dira"

2008/10/03
Printer-friendly versionSend to friend
Edurne Pasaban
Lorea Arakistain
Edurne Pasaban
Edurne Pasaban

 

Kirolaria , ingeniaria eta enpresarioa zara. Zenbat ordu ditu Edurneren egunak?

Ondo banatuta dauzkat orduak. Hori bai, 48 ordu izango balitu, 48ak beteko nituzke. Hala ere, hartzen dut denbora, eta, bestela, lan batzuk beste batzuen esku uzten ditut. Jatetxeaz , esaterako, beste pertsona bat arduratzen da, eta nik entrenatu egiten dut.

Hiru diziplina horiek barruan daramatzazu?

Bai. Ezer baino lehen kirolarekin disfrutatzen dut, hori da nire bizitza. Baina ikasi dudana ere gustuko dut, eta ikusten dut kirolak amaiera bat baduela eta, ordurako, bide berriak ireki behar direla. Beti izan dut buruan ikastea, aurrera begira egotea. Duela oso gutxi arte master bat egiten aritu naiz, eta oso gustuko dut. Pena txiki bat badut, gaztetan gehiago ikasi ez izana.

Ingeniaritza-ikasketak baino gehiago?

Bai, hizkuntzak adibidez.

Zergatik aukeratu zenuen ingeniaritza?

Adin horretan erabakia hartzea ez da erraza. Familiako enpresak eta giroak bultzatuta, segur aski.

Zure pasioa mendia zela argi izan arren, ikasi egin zenuen. Zergatik?

Menditik bizitzea oso zaila da. Nahiz eta pasio hori izan, bizitza horri eskaintzea zaila zela ikusten nuen. Horregatik, beste gazteek hartu zuten bide bera hartu nuen nik ere. Eta behin unibertsitatea amaituta, ametsari heltzeko unea zela ikusi nuen. Mendiak duen abantaila da ez dagoela oso gaztea izan beharrik. Ni 25etik aurrera hasi nintzen….

Mendia ofizioa da zuretzat?

Orain bai. Orain urte eta erdi lortu nuen menditik bizitzen hastea.

Etorkizuna, aldiz, gestioaren munduan ari zara eraikitzen.

Bai, jatetxearen gestioan jardun nuen, nahiz eta orain ez naizen horretan ari.Baina mendiaz aparte nire denbora gehiena enpresetan ematen dut. Enpresa-munduko jendeari lidergoaren eta talde-lanaren gaineko saioak ematen dizkiot.

Talde-lana, lidergoa... non ikasten da hori?

Teoria unibertsitatean. Nire kasuan hemen, Bartzelonan, ikasi dut.Baina mendia ere oso eredu ona da. Egoera oso paraleloak sortzen dira. Mendian bizitakoak enpresa-arlora ekartzen ditut. Nik nire esperientzia kontatzen dut.

Izan ere, mendian ere oso garrantzitsua izango da burua...

Kirol guztietarako egon behar da prestatuta. Baina mendian arlo psikologikoa bereziki landu behar da. Mendian, % 75 burua da eta % 25 egoera fisikoa. Sufritzeko oso prestatuta egon behar da, eta une txarretan buruak egin behar du aurrera Mendiaren arloan emakume aitzindaria izan zara.

Eguneroko bizitzan ere horrelakoa zara?

Oso pertsona normala naiz. Besteei gustatzen zaiena gustatzen zait, eta oso bizitza lasaia egiten dut. Entrenatu eta etxeko-lanak egin. Kirolari-bizitza ez da betiko izaten.

Amaitzen denean, askok ez dute jakiten zer egin. Horren beldurrik baduzu?

Nik argi daukat profesional-mundua amaitzen denerako prestatua egon behar dela, eta horretan dihardut. Mila proiektu ditut buruan, eta mila gauza egiteko.

 

Botorik gabe oraindik

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.