Zea Maysen "Negua joan da ta" zeinu-hizkuntzan abesteagatik egin da ezagun Ainhoa Moiua. Ustekabean harrapatu du bideoaren arrakastak, lotsa apur bat ere ematen dio, baina, hala ere, ez die uko egiten elkarrizketa-eskaerei. Ez omen daki ezetz esaten, eta eskertzekoa da benetan, gozamena baita harekin bildu eta hizketan aritzea. Hona hemen musikaz, gorren munduaz, eta egiten duen lanaz kontatu diguna.
Ainhoa Moiuarekin gaude hemen, Donostian, Kursaalaren ondoan, eta... Ainhoa, joan da negua!
Bai, eta eskerrak gainera!
Aizu, Zea Maysen "Negua joan da ta" bideoklipa euskarazko bideo ikusiena eta zabalduena bihurtu da. Zer, nola sentitzen da bat hori jakinda?
Bai, oso pozik, ikaragarri pozten naiz. Oso eskertuta nago jende guztiari, ez daukat hitzik adierazteko sentitzen dudana.
Gainera, oholtzaren gainean ere egon zara zure talde kuttunenarekin, Zea Maysekin batera. Zer da jende hori dena zure aurrean ikustea, haien erreakzioa...?
Zuzenekoak hori du, jendea ikusten duzula, dantzan, keinuak egiten... Sekulakoa da.
Esango zizuten lehen ere, baina, zeinuak ez dituzu eskuekin bakarrik egiten... gorputz osoarekin abesten duzu!
Abestian, letraz gain, musika dago, erritmoa dago, eta Aioraren ahotsa itzultzeko behar duzu gorputz guztia.
Iruditzen zaizu bideoak balioko duela jendea gorren egoeraz jabetu dadin?
Bai, momentuz erreparatu diogu, bada, beste hizkuntza bat dagoela hor, eta denok uneren batean bolumena jaitsi dugu, eta abestia beste era batera bizitu dugu. Hortaz, gutxienez erreparatu diogu. Baina ez da horretan geratu behar. Nire ustez, ahalik eta gehien zabaldu behar da, eta ohitu behar gara zeinu-hizkuntza ikusten leku guztietan.
Ainhoa, zuk itzultzaile-lana egiten duzu, ezta?
Bai, orain zerbitzu gutxiago egiten ditut lehen baino, baina, bai, itzultzaile ibili naiz 6-7 urtetan.
Eta irakasle ere bazara. Ikasleek zer esaten dizute?
Ikasleak poltsikoan sartu ditut, zuzen-zuzenean. Aurretik ere banituen pixka bat, baina, horrekin, askoz ere gehiago. Haientzat, pentsa, irakaslea bideo baten protagonista dela ikustea... pozik daude.
Tesia egiten ari zarela jakin dugu. Zer moduz doakizu?
Zeinu-hizkuntzaren gaineko euskarazko lehenengo tesia izango da, eta espero dut datorren urtean amaitzea. Eta hor nabil, ikertzen pertsona hiztunek nola ikasten duten zeinu-hizkuntza bigarren hizkuntza gisa.
Izan ere, jendeak izango ditu aurreiritziak, oso zaila dela, adibidez...
Bai, zaila dela, unibertsala dela, horrelako aurreiritzi asko daude. Nik zeinu-hizkuntza ezagutu nuenean, horren inguruan gehiago jakin nahi izan nuen, eta orain, tesiarekin, nire helburuak dira jende entzuleak zeinu-hizkuntza ikastean zer prozesu ematen diren ikustea, eta entzuleen artean zeinu-hizkuntza zabaltzea.
Tesia bukatzen duzunean hor izango gaituzu, horren berri emateko, eta bitartean, animo! Bukatzeko, itzuliko diguzu gauzatxo bat? Da: Eskerrik asko, bihotz-bihotzez,
eta tori muxu handi bat.
Eskerrik asko!
Zuei, mila esker.
Bidali iruzkin berria