"Nahiz eta ikasle txarra izan, oso argi neukan zer nahi nuen, eta horrek asko laguntzen du"

2011/06/30
Printer-friendly versionSend to friend
Galder Izagirre

Ana Galarraga

Galder Izagirre, Beri Txarrakeko bere taldekideekin batera
Berri Txarrak

Galderrek Isas magalean izeneko taberna argitsuan jarri digu hitzordua, Donostiako Zurriolan. Elkarrizketarako, ordea, txoko ilunenera joan gara, ezkutura. Bateria jotzen ere halaxe aritzen da, taldekideen atzean erdi ezkutuan. Berdin argazkiak ateratzean ere: kamera jartzen du begiaren eta munduaren artean. Guri, baina, ez digu ezer ezkutatu, eta lehen planoan jarrita erantzun die galdera guztiei. 

 

 

Aupa Galder, eskerrik asko gurekin egoteagatik.

Kaixo!

Kaixo... Bateria-jolea zara, eta ibilia zara Dut eta Kuraiarekin, baina jende askok ez zaitu ezagutu Berri Txarraken hasi zaren arte. Horrek zerbaitetan eragiten dizu?

Eragin, berez, ez. Bai nabaritzen duzu igoal inguruko jende gehiago ohartzen dela zure lanaz, bai izebak edo bizilagunak, tartea, baina bestela ez pentsa gehiegi afektatzen duenik nire eguneroko bizitzan, ezta plano txiki horretan ere, e? Lagunekiko, eta izeba-osabekiko eta abar. Nabaritzen da baten batek gehiagok badakiela zutaz, baina bestela jarraitzen dut nire anonimato goxo horretan.

Eta are jende gutxiagok daki beste zaletasun eta profesio bat ere baduzula, argazkilaria ere bazara eta.

Bai, horretan jardun naiz buru-belarri azkeneko urteetan, musika alde batera utzi gabe, noski. Eta, egia esan, hori da bateriarekin batera, musikarekin batera, nire beste pasioa. Bata izango litzateke zientzia, bestea teknologia, batzuetan bestea da teknologia, bestea da zientzia... horiek dira nire barruak mugitzen dituztenak. Orain dela urte gutxi sortu nuen Diapositvisme estudioa, eta horrekin batera www.diapositivisme.com webgunea, eta horretan jarraitzeko asmoa daukat, irudiaren hizkuntza hori landu nahian edo.

Genero pila bat lantzen dituzu, gainera: erreportajeak, kontzertuetako argazkiak, erretratuak, arkitekturakoak, diseinukoak... zein da orain arte atera ez duzun, lortu ez duzun, argazki hori, baina aterako duzuna egunen batean?

Nik beti diot argazki ona izaten dela beti ateratzen ez dugun hori. Ze gertatzen zaigu gehienetan argazkia hor argi ikusten dugula espreski kamera eskuetan ez dugunean, edo kamera itzalita eduki dugunean eta pizteko momenturako joan zaigun hori. Orduan, ez dakit. Nik uste dut hori adierazgarri bat dela nola argazkilariok landu behar dugun gure subkontzientea rezeptibo egon dadin halako gauzak gerta daitezen kamera dugun momentu horietan.

Ez da erraza izango, ezta? Ez du ematen...

Ez da erraza, baina, azkenean, dena bezala, ariketa da. Askotan gure subkontzientean ere ariketa lantzea bada, eta gure subkontzientea gauza askotarako rezeptibo egotea bada. Eta denborarekin, konturatzen zara geroz eta gehiago gerturatzen zarela ihes egiten dizun argazki horretara.

Gertatu zaizu kontzertu batean egotea jotzen eta konturatzea “hau bai izango zela argazki ona!”. Ba ez dakit, publikoko norbait, edo zure taldekideren bati aterako zenioke momentu horretan, makilak utzi eta kamera hartuta, edo...

Bai, gertatu izan zait, eta, berez, momentu horretan saiatu izan naiz inguruan zegoen argazkilariari deitzen, nigana etor zedin, eta nik ikusten nuena egin ahal izateko. Baina normalean gertatu izan zaidana da momentu horretan argazkilariak, bistan denez, ez didala entzun, musikarekin, eta orduan irudia gelditu zait niretzako, nire buruan.

Egunen batean igoal...

Bai, momentu horietan pentsatzen duzu, ez? Kamera bat, hemen, buruaren gainean, eta hankarekin aktibatzea, kar-kar.

Horixe, horixe... bai, iritsiko da teknologia horretara, erraz gainera. Eta zuk imajinatzen al zenuen 14-16 urte zenituenean horrelakoa izango zela zure bizitza urte hauekin?

Berez, imajinatu, imajinatzen nuen. Berez, nire energia guztia horretara bideratu dut. Egia esan, zerbait ona eduki dut: garai horretan behintzat, nahiz eta ikasle txarra izan eta abar, oso argi neukan zer nahi nuen. Eta horrek asko laguntzen du, ze gauza asko edo zama asko bidetik kentzen dituzu, edo oztopo asko, bidean aurkitzen dituzunak. Orduan, oso argi eduki dut zer nahi nuen, eta nire energia guztia bideratu dut horretara. Orduan imajinatu, garai hartan imajinatzen nuen nola izan zitekeen bizitza argazkiak egiten, musika jotzen, eta gaur esan dezaket horri eutsi diodala, ez?

Ze ondo! Eta etorkizunera begira ere biak batera imajinatzen dituzu, makilak eta kamera eskuetan dituzula? Edo batekin bestearekin baino gehiago?

Ez, biak imajinatzen ditut oraingoz, eta uste dut biak direla konplementarioak nire bizitzan, eta elkarri, batak besteari, alimentatzen diola. Normalean, bi oinarri, nire bi hankak dira, ez? Bata gutxiago egiten dudanean, beti egoten da bestea, niri eusteko.

Bai. Galder, lehen aipatu duzu argazkilaritza ikusten duzula lengoaia bat bezala, eta musika ere bada lengoaia bat. Erabiltzen dituzu biak gauza desberdinak esateko, edo gauza ebrari buruz aritzeko, bi ikuspuntu desberdinetatik? Hau da, musikarekin nahi dituzu esan gauza batzuk, eta beste batzuk argazkiekin, edo ez?

Ez, azkenean bai konturatzen naiz abiapuntua... nolabait da zirkuitu itxi bat, nolabait esatearren. Nigandik ateratzen da hizkuntza hori edo gauzak esateko nahi hori, eta nigana bueltatzen dira espreski askotan horien bidez adierazten ditudalako gauzak beste era batera ateratzen ez zaizkidanak, edo behintzat hitzekin ateratzen ez zaizkidanak. Eta bi hizkuntza desberdin iruditzen zaizkit, eta berdinak era berean.

Gertatzen zaigu askotan euskaldunoi, ez? Euskaraz hitz egitea... esan ohi da, euskaraz hitz egitean mundua euskaratik ikusten dugula. Nolabait hizkuntzak ematen dizula beste pertzepzio bat, beste sentsibilitate bat gauzekiko. Hori gertatzen zait baita ere bai bateriarekin bai argazkilaritzarekin. Bakoitza badauka bere sentsibilitatea munduarekiko, batzuetan desberdinak direla, besteetan unibertsalak, baina bakoitzak gauza desberdinak erakusten dizkidanak. Edo behintzat bide berriak irekitzen dizkit etengabe.

Oso ondo. Bukatzeko: udan, ze plan, egurra edo patxada eta lasaitasuna?

Ez, egurra ez, ze bagoaz abuztuan Los Angelesera disko bat grabatzera. Orain, egurrarekin gabiltza, baina jendeak ikusten ez duen egur horretan, hau da, lokaleko lana, xomorro-lanak egiten, ze azkenean ordu asko behar dira hain denbora gutxian kantuak ateratzeko. Lehenengo aldia da, gainera, hirurok batera kantuak ateratzen ditugula, eta orduan kontzentrazioa behar dugu % 100era. Eta, ezer, kontzertu gutxi emango ditugu, lau bat geratzen zaizkigu udan zehar, eta gero abuztuaren 20an bagoaz Los Angelesera urriaren 9ra arte. Hilabete eta erdi da, eta espero dugu lanarekin besapean bueltatzea, hori bai.

Hala izan dadila. Bidaia ona izan, eta emankorra izatea. Guk entzungo dugu, gozatuko dugu gero. Eskerrik asko.

Zuei.

 

Botorik gabe oraindik

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.