“Beti gara ikasle, bai bertsotan, bai antzerkian, bai bizitzan, eta baita unibertsitatean ere”

2011/06/22
Printer-friendly versionSend to friend
Itsaso Paia

Ana Galarraga

Itsaso Paia
www.ukberri.net

Itsaso Paiak plan estrategiko bat dauka etorkizunerako, eta esan digu esklusiban! Ez da hori, dena den, kontatu digun gauza bakarra. Antzerkiaz eta aktoreez, bertsolaritzaz eta bertsolariez, ikasketez, familiaz... zertaz ez digu hitz egin Itsasok! Eta bitartean konturatu gara izen aproposa jarri ziotela gure protagonistari, itsasoa bezain indartsua eta freskoa baita Itsaso. 

Gaur Itxasorekin gaude, Itxaso... Paia, Paya edo Pallá?

Berez familia edo aitaren abizena da Payá, eta Xabik nire anaiak mantentzen du hori, baina Fredik eta biok aldatu dugu, euskaldundu dugu abizena, eta i latinarekin idazten dugu. Horregatik, berdin dit zelan esaten didaten, Payá edo Paia, baina i latinarekin suposatzen dut izango zela Paia. Itxaso Amaia Paia.

Itxaso Amaia Paia, uau, errima eta guzti egiten du. Noski, bertsolaria...

Horregatik, hortik dator dena. Nire anaiek jarri zidaten izena, eta zelan jada bertsotan hasita zeuden ba, Itxaso Amaia Paia.

Orduan, bertsolaria, eta aktore, eta ikaslea ere bazara. Horietakoren bat bestea baino gehiago, edo...?

Kurtsoan zehar irakasle moduan, bertsolaritza-klaseak ematen, baina bestela ikasle izaten jarraitzen dut. Espero dut ez jarraitzea luzaro, edo ez behintzat orain naizen ikasle... Lanarekin batera egiten dudanez, denbora gehiago behar izaten dut ikasteko, baina bai, orain ekainean azterketak badauzkat, eta bertsolari eta aktore, suertatzen denean. Agian deitzen didate bertso-saio baterako. Edo Goazeneko edo antzerkiko zerbait ateratzen denean, antzezle. Baina, berez, barruan hiruren senak daramatzat.

Bueno, ikasle beti, ez? Bai bertsotan, bai antzerkian, bai bizitzan eta baita unibertsitatean ere. Eta besteak, suertatzen denean; baina nire barruan daude momentu guztietan.

Eta bertsolari eta aktore... [inguruan hegan dabilkion euli bat uxatzeko ahalegina egiten du Itxasok] Kar-kar, horrek ere izango du antzezle-sena!

Ba agian bai, ze nik ez daukat euli antzerkilariekin harremanik, baina...

Bertsolari eta antzezle izatearen artean badago antzekotasunik, ezta? Bietan sentitzen zara eroso?

Bai, nik antzerkia nahiago izaten dut ez delako hain neurtua, askeagoa delako. Bertsoetan ere, bueno, iruditzen zait gauza bera egin behar dela beti, gaia emanez gero eta inprobisatuta ere, ze antzerkian ere inprobisatzen da, dantzan bezala, eta jazzean, musikan, bezala. Orduan, antzekotasun hori daukate. Lehenago esaten dizute: “Itsaso, zu zara arrantzalea” Gaia jartzen didate, eta pentsatu behar dut zer esango nukeen arrantzalea banintz, baina ez nire aita arrantzalea balitz, baizik eta ni. Eta antzerkian ere norberak atera behar du pertsonaia, baina norberak daukan materialetik edo gaitasunetik. Orduan, zentzu horretan parekatuta dago. Gertatzen dena da antzerkia lantzen dela modu batean, bertsoan dena dela metrika, neurri baten eta errima baten barruan, eta orduan askeago sentitzen naiz antzerkian, nahiago dut. Baina egia da bertsoa txiki-txikitatik odolean daramadala; nahiz eta familia erdaldunekoa izan eta hori dena, hor egon dela bertsoa eta bertsolaritza, eta bertsoaren mundua nire munduaren parte bat dela.

Eta orduan etorkizunean zure burua gehiago ikusten duzu aktore-lanetan, edo?

Bai, ikusi nahi nuke aktore moduan, ez telebistan, baizik eta antzokietan. Gustatuko litzaidake antzokiak betetzea, edo ez betetzea, baina nik sentitu dudana ikusi ditudanean hainbat aktore, edo hainbat musikari edo dantzari, jendeak gauza bera senti dezala nirekin.

Antzerkia ez da enpresa bat, ez da gauza erraz bat egunerokotasun bat sortzeko, egun batean lana daukazu eta handik hilabetera berriz, baina tartean ez. Orduan oso konplikatua da. Horretarako daukat nik, sekretua zen baina jada ez da izango, plan estrategiko bat. Banabil ikasten ikus-entzunezko komunikazioa. Hartara, kamara aurrean egon nahi badut, baina ez badaukat aukerarik, kamera atzekoa kontrolatu ezkero, badaukat esperantza sortu ahal izango dudala mundu txiki bat, non egon ahalko naizen bai aurrean eta bai atzean. Edo behintzat pentsatu nahi dut aukera hori bermatuko didala kamera atzekoa ikasteak eta baita kamera aurrekoak ere.

Eskerrik asko zure esklusibaren berri emateagatik. Plan konplikatua daukazu. Eta uda honetako plana ere hori bezain konplikatua al da?

Ez, errazagoa da, eta agian dibertigarriagoa ere bai. Aurten joango naiz, urtero bezala, bertso-udalekuetara, Bidarraira, 12-13 urteko gazteekin, eta han egongo gara astebetez. Bertso-udalekuetaz aparte, joango naiz euskal udalekuetara, ze iaz ezagutu nituen, joan nintzen Bernedoko hirugarren txandara, eta maitemindu nintzen. Asko antzematen da hara goazen begiraleok bolondres moduan goazela, ze dena ematen dugu, bihotza, arima eta dena, eta egia esan irrikitan nago errepikatzeko. Hori abuztu hasieran da, eta udaleku eta udaleku artean, parrandatxoren bat, bidaiatxoren bat, horrelako zerbait egongo da, baina uda lasaia dator.

Ondo-ondo pasa uda, eta uda ostekoak ere bai, eta eskerrik asko gurekin egoteagatik. Aio!

Zuei, agur.

Guztira: 5 (boto 1)

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.