Manex bertsolaria oso ezaguna egin da, bereziki, Arabako bertsolari txapelketa irabazi duenetik. Baina badira beste Manex batzuk ere: literaturzalea, irratigilea... Haiekin guztiekin bildu gara, eta bakarrak erantzun digu: Manex Agirre Arriolabengoak.
Zer da topatzen zailagoa: musika ona jartzen duen taberna bat, edo bertsolari bat Araban?
Musika ona jartzen duten taberna asko daude Euskal Herrian; kontua da bilatzen jakin behar dela. Eta hala ere, errazagoa da Araban bertsolari bat aurkitzea, batez ere azken urteotako gorakada ikusita. Ez gaude kexatzeko moduan!
Zer pentsatu zenuen Arabako Bertsolari txapelduna zinela jakitean: "bazen garaia!", edo "hau da hau ezustekoa!"?
"Hau da hau ezustekoa", dudarik gabe. Ez dut lorik galdu txapelagatik azken urteotan... baina etorri denean, ongi etorria izan da, dudarik gabe!
Txapelketako azken saioan, Solozabalekin ofiziotan ordenagailua ohera eramatea egokitu zitzaizun. Eta asko aritzen zara Twitter-en eta Facebook-en... Zu ere ordenagailuarekin oheratzen zara?
Ohea lo egiteko da (beste gauza batzuen artean). Ordenagailuak egunerokoan traba egiten badigu (dependentzia apur bat badaukagu, ezta? irla desertu batera behintzat ez nuke ordenagailu bat eramango...), imajinatu ohean. Ahal dela, urruti: ezta ondoko gelan ere!
Gora igotzeko gonbita egiten duzu tarteka? Igo, zertara? Nola, eta nolatan?
Hala Bedi irratiaren aitzakian elkartutako hiru lagunen proiektua da Igo gora. Betidanik deitu digu arreta zuzeneko literaturak, eta horrek eman ditzakeen aukerek. Zuzeneko musikarekin, egokitzen ondo asmatuz gero, hitzek beste kolore bat hartzen dute, beste ehundura bat. Hori dena taula gainera igo, eta ikus-entzuleei bidaia txiki bat proposatzen saiatzen gara.
Literatura, bertsoak, musika, antzerkia, irratia... denera ausartzen zara.
Mmm, musika eta antzerkia "kolatu" egin zaizue... antzerkia egiten edo bertsoa ez den zerbait kantatzen noizbait ikusi nauenak, badaki ez dudala horretarako balio... Egia esan, pribilejiatua sentitzen naiz: iruditzen zait baditudala nire kezkak plazaratzeko hainbat bide eskura, eta horiek aprobetxatzen saiatzen naiz.
Zer da zuk "celosamente gordea" duzuna?
Logikoki, ez dizuet hori kontatuko... Eskerrak bakoitzak geure espazio propio bat dugun barruan, geure-geurea dena. Hori galduz gero, akabo.
Bidali iruzkin berria