"Xabier Amurizaren alaba" esaten zioten hasieran. Gero, "Miren Amuriza, bertsolari gaztea". Eta, hemendik aurrera, "Miren Amuriza aktore izarra" izango ote da? Bertsolari filmean ikusi dugu aktore lanetan, eta, tira!, gu ez gara zine-adituak, baina ederki aritu dela iruditu zaigu. Baina, zer iruditu zaio berari? Hori jakiteko bildu gara berarekin, eta zintzotasunez eta gozotasunez kontatu dizkigu bere bizipenak.
Aurkezpenik behar ez duen pertsona batekin gaude, Miren Amurizarekin. Eta berarekin elkartu gara, pixka bat azkeneko proiektuaz eta hitz egiteko. Sorpresa handia hartu dugu; orain pantaila handian agertzen zara. Kontatu; nola da salto edo jauzi hori, bertsoetatik pantailara?
Bueno, haundia, ezta? Niretzako hau izan da esperientzia bat guztiz barria; nik aurretik holakorik edo antzerakorik inoiz egin barik, eta bueno! ba Asier "Kixik" [Asier Altuna, filmaren zuzendaria] proposamen hori luzatu eustan. Eta egia da hasieran sustua hartu nebala, gauza barri baten aurrean zagozan bakotxean ez dakizu "ondo egingo dot? Ez?"... gainera, hain gauza haundia, ez? Baina konbentzidu egin ninduen, eta pozik, azkenean.
Bai? esperientzia gustatu zaizu?
Bai, izan da esan dodana, oso desberdina. Gu bertsolariok ohituta gagoz herri batera heldu, jarri, bota eta joan. Eta hau, ostera, izan da guztiz bestelako zeozer, detailerik txikiena be zainduta, aurretiaz prestauta... Niretako batez be oso interesgarria izan da, batez be, mundu hori barrutik ikustea, hori zine-mundu hori; dana kamerak, argiak... Beste jente askok beharbada ez dau eukiko aukerarik sekula hori ikusteko, eta haundia da hori.
Bertsolarirekin hasi zara, eta uste duzu edukiko duela honek jarraipena? Alegia, zinearen bide horretatik jarraituko duzula? Edo gehiago anekdota edo zure curriculumerako aberasgarri bezala geldituko da?
Bueno, momentuz ez dakit, sekula planteau be ez dot egin holako gauzarik; baina ni momentuz, nabilenean oso gustura nabil. Eta egia da... esperimentuetara eta gauza barrietara, nik uste dot bertsolariok ez garala zarratzen normalean. Baina bueno, nik uste dot formatu txikitxoagoetako gauzetan erosoago sentitzen nazala pantaila baten baino.
Eta zuk zure burua ikusita, orain, pantailan ikusten duzunean, zer sentitzen duzu? Edo nola ikusten duzu zure burua?
Ba, oso arraro: haundi eta oso arraro. Ba beste leku batzuetan esan dodan moduan, pelikularen lehelengo hamar minutuak pasatu nebazan eskuaz, eta atzera begira, eta... Telebistan Hitzetik Hortzeran agertzen bada zeozer, gura barik be, nik automatikoki aldatzen dot, eta han ezin neban aldatu... eta arraroa. Nik uste danontzako dala arraroa norberan burua ikustea holan. Ba holan be ikasten da, ez?
Orain, igual, sumatuko duzu gainera, igual jendeak daukala erreferentzia zurea bertsoetatik eta horrela, eta orain igual beste jende bat ere, ba ez dakit, zinezaleak eta, orain arte bertsolaritzaz eta ez direnak kezkatu, igual hurbilduko zaizkizu. Oraindik goiz da, ezta? Ez da zabaldu zinema areto gehienetara, baina...
Bueno, nik uste dot pelikula honen helburua hori zala, ez? Ez nirekiko, baizik eta bertsolaritzarekiko, eta han agertzen garan guztiokiko hori zala helburua: bertsolaritza zabaltzea beste publiko batengana. Bai hemengo... esaten zan askotan erdal jendearentzat, "erdal" ez bakarrik kanpokoak, baina beharbadabertsoarekiko hain lotura esturik eduki ez dabenak edo. Helburua hori zen, iristea, eta beste jente batek ezagutzea hau, eta momentuz, emoten dabenagatik nahiko harrera ona euko dau; orain ikusiko da.
Bukatzeko, galdera gaizto bat egingo dizut, bai? Begiratu, nik behintzat gobara zer zen ikasi nuen Maialeni Euskal Herriko txapela jarri ziotenean. Zuk pentsatuta ba al daukazu hitzen bat guk ikasteko txapel inportanteren bat jartzen dizutenerako, agurrean abesteko edo?
Ba ez dakit, nik be "gobara" hori Maialeni esker, nik eta beste danok, ikasi genduala. Eta nik txapel inportanteak... momentuz gauza txikiagoei emoten deutset inportantzia hori, eta ez dot pentsau. Egun horretan, beharbada, gogoratuko jat zeozer eta esango dot "eskerrik asko eta ya está", ez? Bertsolaritza hori da azkenean, inprobisazinoa eta, ez? Ikusiko dogu zer datorren.
Beno, gu nola ez garen bertsolariak ez dugu asko inprobisatuko, eta orduan, eskerrik asko, eta... nola zen? eta ya está. Eskerrik asko, hurren arte.
Eskerrik asko zeuei.
Bidali iruzkin berria