Kazetaria da Oihana, eta nabari zaio. Apain-apain agertu zaigu hitzordura, kameraren aurrean agertzeko prest. Grabaketa non eta nola egin erabakitzen ere lagundu digu; gustua ematen du! Gaurkoan, elkarrizketatzaile elkarrizketatua izan da.
Oihana Jauregirekin gaude, Teknopolis telebista saioko aurkezlearekin. Errusiatik itzuli berri da, hango Espazio Agentziatik. Oihana, inoiz imajinatu al zenuen, kazetaritza ikasten ari zinenean, Errusiara joango zinenik astronauta bat elkarrizketatzera?
Bueno, ez. Ez dut uste hori horrela imajinatzen duzunik. Egia da hainbat aukera ematen dizkizun ogibidea dela, eta sorpresak ere bai. Eta tarteka horrelako aukeratxoak edo perlatxoak sortzen direla, zure egunerokoan: kanpora joateko aukera, edo gauza oso berezi bat ikusteko aukera. Kasu honetan, Juri Gagarin kosmonauten entrenamendu-zentrora joan ginen, Errusiara. Joateko aukera zegoela esan zigutenean, kristoren sorpresa izan zen, eta ilusio handiz hartu genuen.
Han, errusiarrekin egon zineten, ezta? Haiekin hizketan. Nolakoa izan zen komunikazioa? Hizkuntza-desberdintasunaz gain, kultura-desberdintasuna ere igarri zenuten?
Bueno, hizkuntza-ezberdintasuna zalantzarik gabe; ingelesez komunikatzen ginen. Egia da zentroan, Juri Gagarinen, ez zegoela inolako problemarik, eta haiekin ondo komunika gintezkeela. Era berean, egia da hantxe … gu Josu Feijoorekin joan ginen, mendizalearekin, han proba batzuk egin behar zituelako, eta ibilbide guztian zehar, proba haietan, nolabait proba haiek zuzentzen edo antolatzen zituztenak, bertako turismo-agentzia batekoak ziren. Turismo-agentzia horretako langileak… hantxe zeuden, zuzendari bat eta beste hiru langile. Zuzendariaren jarrera oso kultura militarrekoa zen, oso zorrotza, eta oso agintzekoa… denei atzetik jarraika, oso agenda estuarekin. Orduan, egia da oso harreman-mota desberdinak izan genituela; zuzentzen edo antolatzen zuen jendearekin harremana pixka bat hotzagoa zen, urrunagokoa. Ondoren, langileekin eta bertakoekin izan genuen harremana oso harreman ona izan zen; izugarri ondo tratatu gintuzten, eta oso gustura egon ginen. Ez genuen inolako problemarik izan.
Eta zerk harritu zintuen gehien?
Zerk harritu ninduen gehien… Ez dakit; pentsatzen dut kosmonauten zentroan … denak pixka bat, ezta? Egia da ingurunea oso berezia dela, ikusten dituzun azpiegitura, lekua, eraikina, probak egiten diren lekua… dena zen izugarria, ezta? Egia da ikusi genituela, bai MIR espazio-estazioa, bai ISS espazio-estazioaren erreplikak. Jakina, horiek ikustea ere… polita da, oso polita. Beti ikusten dituzu irudi horiek espazioan, espazio-estazio horiek han handitasun horretan, eta ikusten dituzu parez pare erreplika horiek tamaina errealean. Ba, adibidez, hori oso ikusgarria izan zen, barruan saltsan ibiltzea eta pixkat bat kuxkuxean… hori oso polita izan zen. Agian, horrekin geldituko nintzake.
Oso ondo. Eta hori Teknopolisen ikus dezakegu, ezta?
Bai, hori da; hori Teknopolisen ikusiko dugu. Nik uste oso irudi politak lortu genituela, eta, bueno, oso maiz ikusten ez den erreportaje edo irudi-mota batzuk aurkezteko aukera izan dugu honetan.
Oso ondo, ba, ikusiko dugu, eskerrik asko.
Zuei.
Bidali iruzkin berria