“Beti izan dut grina hori, laguntzeko eta beste mundu bat sortzeko grina”

2011/06/10
Printer-friendly versionSend to friend
Amaia Paniagua

Ana Galarraga

Amaia Paniagua
Amaia Paniagua

Amaiak bizipoza kutsatzen du. Gizarte hezkuntzako ikaslea da, baina praktika handia du, bai hemengo gazteekin bai urrutikoekin. Irribarrea galdu gabe, bizi-bizi, grinatsu, hitz egin digu ikasketez, bizipenez eta etorkizunerako planez.

Amaia, nola sartu zinen saltsa honetan?

18 urterekin gizarte integrazioa ikasten hasi nintzen, eta irakasle batek boluntario hasteko proposamena egin zidan. Horrela hasi nintzen Hirustan. Gero gizarte hezkuntza hasi nintzen ikasten unibertsitatean, eta praktikak ere bertan egin ditut.

Ikasten ari zinena gustuko zenuelako edo erabaki zenuen unibertsitatean sartzea?

Hasieran, modulu bat egiteko asmoa nuen; karrera bat egitea baino praktikoagoa iruditzen zitzaidan. Baina lanik ez nuenez aurkitzen, esan nuen “ez naiz egongo ezer egin barik”, eta unibertsitatera joatea erabaki nuen.

Baina bai zenuen garbi gizarteari laguntzeko ikasi nahi zenuela, ezta?

Bai, bai, gainera betitik.

Eta hori, zergatik?

Beti izan dut grina hori, laguntzeko eta beste mundu bat sortzeko grina. Hortaz, garbi nuen zer ikasi. Gero praktikan jartzea da kontua, eta hori, Hirustan egin ditut praktikak, gazteekin, prebentzio-tailerrak ematen: alkohola, tabakoa eta kanabisa.

Tailerrak eta halakoak eraginkorrak direla uste duzu?

Bai. Lehen ez nion hainbeste garrantzia ematen. Baina orain uste dut beharrezkoa dela gazteek kontzientzia pixkat hartzea. Izan ere, gazteek, nahiz eta droga kontsumitu, ez dakite nolakoak diren droga horiek, zer eragin duten gorputzean... Horretaz aparte, gure gizartean, alkohola edatea da kulturala, eta kontua da beste gauza batzuk egitea, ikusteko badaudela bestelako aukerak, eta dena ez dela lagunekin atera eta litro batzuk egitea, edo tabernetara joatea.

Hori hemen. Kanpoan izan naizenean, berriz, beste gauza batzuk egin ditut.

Kanpoan? Non izan zara, ba? 

Limonesen izan naiz, Ekuadorren, Kolonbiako mugatik oso gertu. Eta denetarik egin dut. Izan ere, droga ez ezik, beste arazo pila bat daude han: paramilitarrak, indarkeria... Guk ezinduentzako leku bat sortu dugu, eguna han pasa dezaten, lehen ez baitzegoen ezer. Eta gazteekin eta hurrekin pintura-tailerrak egiten genituen, pinturaren bidez kontzientzia hartzeko zer gauza dauden ondo eta zer txarto, eta gehien bat kalean ez egoteko egun osoan.

Zenbat denbora egon zinen?

Ba oso denbora gutxi, hilabete eta erdi. Baina oraindik jarraitzen dut haiekin harremanetan, eta lortu dut hemen jende pila batek hango umeei ikasketak ordaintzea. Eta horretan gaude.

Lanik ez zaizu faltako!

Ordainduta, ez dakit; bestela, ez, noski. Egia esan, orain amaitzen dut karrera, eta zerbait topatuko dudala espero dut. Berdin zait zertan. Lehen, gizarte integrazioa ikasten hasi nintzenean, drogomendekotasunak erakartzen ninduen gehien, baina orain berdin zait, edozertan.

Ba zorterik onena opa dizugu.

Eskerrik asko!

 

Botorik gabe oraindik

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.