Ostiralean, urriak 28, 18:30etan, Bizkaia Aretoko Baroja entzunaretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), emakumeak zientzian izan duen eginkizunari buruzko mahai-ingurua egingo da, Hipatia ardatz hartuta, Alejandro Amenabarren "Ágora" filmaren bitartez. Honako hau da azaroaren 11ra arte zabalik egongo den "Astronomia emakume / Con A de astrónomas" erakusketaren baitan antolatu diren ekintza osagarrien azkena.
Mahai inguruan honako hauek hartuko dute parte: Elisa Garrido, UAMeko Antzinaroaren Historia irakaslea eta antzinate klasikoko emakumearen historian aditua, Javier Ordoñez, Zientziaren Historian katedraduna UAMen, fisikaria eta filosofoa eta CREP sarearen koordinatzailea, eta Iratxe Fresneda, UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakaslea, zinean aditua eta bere lana zinea eta generoa aztertzera zuzendu duena.
Mahai-inguruan zientzia, generoa eta zinea izango dituzte hizpide, guztia Alejandro Amenabarren "Ágora" (2009) film sarituaren bitartez. Izan ere, Elisa Garridok eta Javier Ordoñezek aholkularitza lana egin dute film horretan.
Bidali iruzkin berria