Txapelketaren helburua emakume zientzialarien lana agerian jartzea da.
UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko (ZTF-FCT) Berdintasunerako Batzordeak panel lehiaketa bat antolatu du, "Emakumea naiz, zientzialaria naiz, nor naiz?" izenburuarekin, herritarren gehiengoarentzat oraindik ezezagunak diren emakume zientzialari askoren lana agerian jartzeko asmoz.
Deialdia Kimikaren Nazioarteko Urtearen ospakizunaren baitan egin da. NBEko Batzar Nagusiak, ebazpen bidez, emakumeek zientziari egin dizkioten ekarpenak goraipatzeko deia egin zuen, aurten bete baitira ehun urte Maria Sklodowska-Curiek Kimikako Nobel Saria jaso zuela.
Deialdian parte hartu ahal izango du UPV/EHUren edozein kidek, gehienez ere panel batekin, emakume zientzialari bakarrari erreferentzia eginez eta haren biografiari eta zientzia ekarpenei buruzko xehetasunak nabarmenduz.
Lanak aurkezteko epea azaroaren 15etik 30era bitartekoa izango da. Abenduaren 1etik 15era Zientzia eta Teknologia Fakultateko hall-ean egongo dira ikusgai. Epaimahaiak lanen originaltasuna, sormen ahalegina eta gai zientifikoaren tratamendua hartuko ditu kontuan. Abenduaren 23an emango da epaimahaiaren ebazpenaren berri, ZTFren urte amaierako ospakizunean. Honako sari hauek banatuko dira: lanik onenaren egileak 300 euro eta diploma jasoko ditu, bigarren lanik onenaren egileak 200 euro eta diploma, eta hirugarren sari bat ere emango da, ikusleen aldetik boto gehien jaso duen panelarentzat, 100 euro eta diploma.
Informazio gehiago: concurso_soy.pdf
Bidali iruzkin berria