Posible da maiteminduta egotea bi pertsonekin aldi berean? Kasu horretan, zer da hobeto, esatea edo sekretua gordetzea?
Kaixo laguna!
Bi pertsonekin maiteminduta egotea zelan ez da izango posible zuri gertatzen bazaizu.Gehienetan gure maiteminaren objektua pertsona bat baino ez da izaten, baina, batez be gaztaroan, ez da izaten harritzekoa hainbat neska edo mutil oso gustukoak izatea aldi berean, eta baita be pertsona bat baino gehiagorekin maitemintzea. Maitatzeko, erakartzeko eta emozioei bidea emateko era desberdinak dagoz.
Dena den horrelako egoerak sarri nahiko korapilatsuak bihurtzen dira.
Bi pertsonekin maiteminduta dagoenarentzako erraza da emozio aldakorretan murgiltzea eta burua galtzearen sentsazioa edukitzea be. Batzuetan sortzen duen egonezina jasanezina izaten da. Gure gizarteak be ez du laguntzen eta.
Lagun horrek bikotekiderik ez badauka be zaila da aukeratzea zer egin. Maitemin biei norberaren sentimenduak azaldu, soilik bati , edo inori ere ez. Aukera bakoitzak bide desberdinak sortuko ditu eta.
Lagunak bikotekiderik jada badauka, eta hirugarren pertsona agertzen bada, zaila izango da be jakitea nondik nora jo bestelako burukominak be agertuko direlak:. "benetan maitemina da, edo bikotekidearekiko asperduran haize freskoa etorri da, edo zeintzuk dira bakoitzarekiko sentimenduak?". Eta zuk diozunez "bikotekideari esan beharra dago? Zer, zertarako, zergatik esan?"
Aipatutako zalantzek ez daukate erantzun bakarra. Erantzunak jakiteko prozesu batean sartzeko animatzen zaitut. Hona hemen laguntzeko giltza bi:
Bata, egoeratik at jartzea. Ahal duzun neurrian egonezina sortzen zaituen egoeratik, emozioak hobeto azter dezazun. Ea barrenak zer diotsun. Jakiteko zer gura eta zer behar duzun. Desioak eta beldurrak aldi berean ageriko dira, eta denei kasu egin beharko diezu, behar duzun bidea aukeratzeko. Boligrafo eta papera edo ordenagailuan egiteko lan mardula.
Bi, benetako laguna(k) ondoan izatea. Prozesuan barrenak askatzeak lasaituko zaitu. Beste begirada bat be lagungarria da. Inork ez dizu esango zer egin beharko duzun, baina zure erabakia hartzeko laguntza emateko hor egongo da, eta erabakia martxan jarri ostean laguna hor izatea oso garrantzitsua izango da.
Zer egin: hirukote sistema bat sortu, bikote sistemarik ez, lagun sistema ederra eta sortzailea eraiki, bakarrik bidea egin...? Ez dakigu. Baina edozer erabakita ondo egongo da, momentu horretan pentsatu izan duzun hoberena izango delako.
Harreman alorrean lagun bat baino gehiago gaudenez, bakoitzak be bere bidea eraikiko du. Pertsona bakoitzak aukeratuko du zelan eta norekin /nortzuekin egingo duen bide hori.
Ez da erraza baina norberaren izateari eusten badiogu aukera askoz be zabalagoak izango dira.
Ondo izen!
Agurtzane
Bidali iruzkin berria