Non dago muga?

2012/01/18
Printer-friendly versionSend to friend
Izena: 
neska1

Nire mutilak asko zaintzen nau, eta etengabe deitzen dit edo mezuak bidaltzen dizkit jakiteko non nagoen, zertan nabilen eta norekin. Egia esan, niri asko gustatzen zait hori eta oso mimatua sentitzen naiz, baina ingurukoek esaten didate hori kontrola dela, eta gaizki dagoela. Ni ez nago ados. Zuri zer iruditzen zaizu?
Eskerrik asko

Egilea: 

Agurtzane Ormatza

Erantzuna: 

Kaixo!

Bikote-harremanetan oinarrizko gauza bat da bikotekideak maitatuak, mimatuak, gustura sentitzea... Eta zure kasuan hori gertatzen dela dirudi. Beraz, zer esango dut nik ba zure sentimenduei buruz, ezta?

Bikote-harremanak oso anitzak dira, bikotekideak bezain anitzak. Baina, harreman guztietan, eraikitze-prozesu horretan aldagai batzuk komunak izaten dira. Bi lagunen harremana jorratzean, konturatu barik gauza asko finkatzen dira; horretariko batzuk mugak dira.

Kanpoko muga bikote moduan besteen aurrean ipintzen duzuen muga da. Zure kasuan oso argi dago muga hori, baita zuen lagunentzat ere.. Beraz, gaurkoan ez diogu jaramonik egingo, ados?

Barneko mugak, berriz, lagun bien artekoak dira. Bikotekide bakoitzak bere esparru pertsonala edota intimoa dauka (lagunak, familia, lana/ikasketak, zaletasunak, konpromiso sozialak ...), eta hori ezinbestekoa da bere burua garatzeko. Mugak oso malguak badira, bata bestearen bizitzan sartzen gara, lagunari ia lekurik utzi gabe bere kabuz ibiltzeko, guzti horrek etorkizunean ekar lezakeenarekin (beldurra, kontrola, mina ...). Eta oso zorrotzak badira eta bakoitza bere aldetik badoa, komuneko harremana garatzea oso zaila izango da, lagunen artean intimitatea eta konplizitatea ezinbestekoak direlako harremana mamitzeko.

Bikotekidearekin bikote alorra garatzea bezain inportantea bikotekide bakoitzak bere alorra garatzea da, harreman aberasgarria eta sendoa izateko.

Ikusten duzunez mugen kontua ez da batere makala. Nire uste apalean, beharbada zure lagunak arduratuta daude barneko mugari dagokionarekin; hau da, antza denez, euren ustez zuon bion arteko muga oso fina edo malguegia ei da. Zure mutil laguna gehiegi sartzen ei dela zure kontuetan eta une oro jakin gura du non zabiltzan, eta euren ustez zuk ez diozu trabarik jartzen.

Batzuetan oso zaila izaten da jakitea non dauden mugak, baina seguru nago zure barruan begiratu ezkero erantzuna izango duzula .Hau da, zuk badakizu non dagoen zuon arteko muga, zelan bideratzen dituzuen muga horiek; zelan sentitzen zareten mugak gainditzen, apurtzen, babesten dituzuenean; bakoitzarentzako zer den edo zer ez den muga bat; zeren beharra daukazuen...

Gehienetan konturatu be ez gara egiten zelan gure emozioak, sentimenduak, pasioak ... mugen bidez be egituratzen direla, eta konturatu orduko oinarritzat hartzen ditugu, jakin gabe eraiki ditugula. Begira ezazu ea zer topatzen duzun zuon maitatzeko eratan! 

Botorik gabe oraindik

Bidali iruzkin berria

CAPTCHA
Galdera hau benetako erabiltzaile bat zarela eta ez zarela spam robot bat egiaztatzeko da.