Atala : AlbisteakEgilea Ana Galarraga noiz 2010-05-19 08:18
Alferrik zabiltza kirol-zapatila onenak aukeratu nahian. Izan ere, Nature aldizkarian jakinarazi dutenez, zapatila onenekin baino hobeto egiten da korrika oinutsik.
Ondorio horretara iristeko, Estatu Batuetako eta Kenyako hainbat korrikalariren korrika-saioak aztertu dituzte ikertzaileek. Azaldu dutenez, oinetakoak jantzita, orpoaren aurka egiten da talka urrats bakoitzean, eta talkaren indarra gorputzaren pisua halako hiru izatera irits daiteke! Baita oinetakoek motelgailuak badituzte ere.
Oinutsik, aldiz, oinetako kuxinekin jotzen da lehenengo lurra. Horri esker, orpoek jasaten duten talka gorputzaren pisuaren % 60ra jaisten da. Hori bai, horretarako, oinak indartuta eta gogortuta izan behar dira.
Atala : AlbisteakEgilea Ana Galarraga noiz 2010-05-12 00:00
Bartzelonako Clinic ospitalean deskubritu dute zerk ematen dien ahalmen berezi hori hiesaren birusa kontrolpean izatea lortzen duten pertsonei. Izan ere, infektatutakoen ehuneko txiki batek ez du gaitza garatzen, hiesaz kutsatuta egon arren. Orain, ikertzaileek jakin dute alfa-defensinek ematen dietela botere hori.
Alfa-defensinak berez sortzen dira gorputzean, eta haien funtzioa immunitate-sistema erregulatzea da. Bada, botikarik hartu gabe, hiesa kontrolpean duten pertsonek gainerakoek baino 10 aldiz alfa-defensina gehiago sortzen dituztela frogatu dute Clinic ospitalean. Ez da hiesarekiko babesa ematen duen faktore bakarra, baina aurkikuntza-terapian edo txertoak egiteko baliagarria izan daitekeela uste dute ikertzaileek.
Atala : AlbisteakEgilea Ana Galarraga noiz 2010-04-21 15:13
"Entzuten ote du esaten dioguna? Sentitzen ote ditu gure laztanak?" Koman dagoen inoren senideek behin eta berriro egiten dizkiote beren buruari halako galderak. Orain, Cambridgeko Owen neurozientzialariak eta haren taldeak frogatu dute posible dela jakitea pertsona bat kontziente dagoen ala ez, garuneko eskanerraren bidez. Are gehiago, batzuk komunikatzeko gai izan daitezkeela ere ikusi dute.
Ikerketa 2006an hasi zen. Auto-istripu baten ondorioz koman geratutako 26 urteko emakume bati bi egoera irudikatzeko eskatu zion Owenek: batean tenisean jokatzen ari zela imajinatu behar zuen, eta, bestean, etxean zegoela. Eskaner bidez jasotako irudiak erabat desberdinak ziren batean eta bestean. Horrela frogatu zuen kontziente zegoela.
Orain, koman bost urte daramatzan paziente bati, bai erantzuteko tenisean jokatzen ari dela imajinatzeko eskatu dio; kontrakoa adierazteko, berriz, etxean dabilela irudikatzeko. Gero, galdera errazak egin dizkio, esate baterako, "Zure aitaren izena Alexander da?" Eta sei galderatatik bosti zuzen erantzun die pazienteak; seigarrena erantzunik gabe utzi du.
Atala : AlbisteakEgilea Ana Galarraga noiz 2010-04-21 14:54
USB konexioaren hirugarren belaunaldia aurkeztu dute aurtengo Consumer Electronic Show azokan, Las Vegasen. Aurreko bertsioa, USB 2.0, zortzi urtez izan da nagusi munduko ordenagailuetan, baina adituek espero dute bertsio berriak aurten bertan hartzea haren tokia.
Bi bertsioen arteko alderik handiena datuen transmisio-abiadura da. USB 2.0 bertsioak segundoko 480 megabit transmiti ditzake, eta USB 3.0 bertsioak, berriz, 4,8 gigabit; hau da, hamar aldiz azkarragoa da. Esaterako, DiVX formatuan gordetako 40 filmek 25 GB-ko memoria behar dute. Bada, publizitatearen arabera, USB berriak 70 segundoan transmitituko ditu. Gaur egungo USBak , berriz, 14 minutu inguru behar ditu horretarako, eta lehen bertsioak, 9 ordu eta erdi.
Abiadura hori lortzeko, datuak trukatzeko protokolo berri bat eta zuntz optikoa erabiltzen ditu USB 3.0 bertsioak. Dena dela, 3.0 bertsiora egokituta dauden ordenagailuetan bakarrik funtzionatzen du; beraz, oraingoz guk ezingo dugu erabili.
Atala : AlbisteakEgilea Ana Galarraga noiz 2010-04-15 12:22
Lizun lirdingatsu batek sareak diseinatzen laguntzen die ingeniariei. Physarum policephalum izena du, eta espezialista da elikagai-iturriak modu eraginkorrenean erabiltzen.
Japoniako ingeniari batzuei lizunaren ahalmena aprobetxatzea bururatu zaie. Hala, lizunaren inguruan olo-malutak jarri dituzte, Tokio inguruko auzoak dauden kokapena irudikatuz. Lizuna erdialdetik "auzoetara" nola hazten den oinarri hartuta, Tokio inguruko trenbide-sarearen diseinua egin dute. Bitxia izateaz gain, merkea ere bada, lizunak ez baitie diseinuagatik dirutzarik kobratuko!