IRRIKA (GOIBURUA)
Aldizkaria
Erreportajeak
Albisteak
Zertan bertan
Elkarrizketak
Irrikatzaileak
Fokua
Abroad
Zirrika
Mass Media
Ezkutuko zientzia
Hara!
Flax1... 2Hitz
...www...
Erlazionatutako Berriak
 
Hara!
Amets baten truke Inprimatu E-posta
Atala : Hara! Egilea Fernando Morillo noiz 2010-05-19 11:21

ametsetan.jpgGoizeko makarrak garbitzen ez dituzten batzuentzat (makarrak malkar?), zientziaren mundua hertsia eta zurruna da. Imajinaziorako lekurik gabea edo. Bai zera: zientziaren historia poesiaz eta ametsez beterik dago!
Ikus dezagun F. A. Kekule kimikariaren pasadizo ospetsu bat. Zazpi urte zeramatzan Kekulek bentzenoaren misterioa argitu nahian, buru eta bihotz. Ez zen auzi erraza, eta ikerlari ugari zebilen korapilo hura askatzeko gogoz: nola arraio ezkon zitezkeen sei hidrogeno-atomo sei karbono-atomorekin, eta aldi berean hidrokarburo haren ezohiko ezaugarriak azaldu? Ezin asmatu. Bentzenoak salbuespena ematen zuen, onartutako sistema polit batean... baina zientziak ezin salbuespenei besoak zabaldu.
1865ean, Ganten zela, bus publiko batera igo zen Kekule. Ohi bezala, bentzenoaren kontua zerabilen buruan. Nekatuta zegoen gizona, eta ibilgailuaren triki-trakak gozo-gozo urrumatu zuen. Lo arinean eta erdi-ametsetan, zer ikusiko, eta atomo batzuk dantza alaian, hainbat traiektoriatan kiribiltzen, suge moduko batzuk osatuz bezala. Halako batean, suge antzeko haietariko batek bere isatsari heldu zion.
Tximista batek zeharkatua bezala esnatu zen Kekule. Ideia bat zuen, berria, bikaina, zoragarria! Bentzenoaren egitura ez zen, uste bezala, lineala, ziklikoa baizik! Sei karbono-atomok hexagono bat osatzen zuten, eta erpin bakoitzari loturik hidrogeno bat zuen. Korapiloa askatuta!
Adolf von Baeyer kimikari handiak esan zuenez, bere bizitza osoko lorpen guztiak aldatuko zituen Kekuleren eldarnio zoragarri haren truke. Ez zen amets makala izan!

Etiketak : kimika ametsak
 
Zientzialarien harrokeriak? Inprimatu E-posta
Atala : Hara! Egilea Fernando Morillo noiz 2010-05-19 07:40

harrokeria.jpgZenbaiten esanetan, fisikariak dira zientzialaririk harroenak: mespretxuz hartzen omen dituzte beste jakintza-alorrak. Esate baterako, Wolfgang Paul fisikari ospetsuari emazteak utzi egingo zuela azaldu zionean, norengatik, eta kimikari batengatik, zientzialariak ezin omen zuen sinetsi: «torero bat aukeratu balu, ulertuko nuen, baina kimikari bat...?», esan omen zion, harri eta zur, lagun bati.
Ernest Rutherford fisikariak ere ez zuen zalantza-izpirik: «zientzia guztia fisika edo filatelia da». Rutherfordek ez zituen batere begiko fisika ez ziren zientziak. Nolabait esateko, fisika zen zientziarik zientziena. Guztietatik ederrena. Benetakoena. Eta patuak mendeku ironikoa prestatu zion.
Rutherford altua eta mardula zen, eta errugbi-jokalari fina, itxura trakets samarra izan arren. Haren ahotsak, berriz, trumoia zirudien, eta begirada ezin zorrotzagoa zeukan. Ez zen samurra izango hari kontra egitea...
Lan bikain ugari egin zituen fisikan, eta behin baino gehiagotan esan izan da fisika nuklearraren aita zela. Ez zen harritzekoa, beraz, 1908an Nobel Saria jasotzea... Kimikakoa eman zioten, ordea! Eta Rutherfordi gustatu ez. Lehena izan zen elementu bat beste bat artifizialki bihurtzen, baina zientzialariak berak haserre puntu batez adierazi zuen moduan : «askotan aldatu naiz nire bizitzan; hala ere, inoiz ez oraingoan bezala, bat-batean fisikari izatetik kimikari izateraino metamorfoseatuta!».
Ziur Nobel sarietako epaimahaikide bat baino gehiago beldurtu zuela Rutherforden ahots sakonak eta begirada zorrotzak. Kimikaria zela entzun behar... Sekula halakorik!

Etiketak : fisika
 
Galduta egon arren, dena ez dago galduta Inprimatu E-posta
Atala : Hara! Egilea Ana Galarraga noiz 2010-04-23 08:58

ahatea.jpg"Spirit ez dago hilda. Bere bizialdiaren etapa berri batean sartu da; hori baino ez da". NASAko Marte esploratzeko egitasmoaren zuzendariaren hitzak dira. Dough McCuistion izena du, eta urtebete baino gehiago darama jendearen txantxak eta txisteak jasaten.

Izan ere, hilabeteak eman ditu Spirit harrapatuta daukan hareazko tranpatik atera nahian, alfer-alferrik. Azkenean, etsi du, eta ibilgailu robotiko izatetik base egonkorra izatera igaroko da Spirit. Hala, Marteren errotazioan gertatzen diren balantzak aztertzea izango da haren lehen misioa. Hortik, planetaren nukleoa likidoa edo solidoa den ondorioztatzea espero dute.

Hala ere, gertaera txarrak onuragarri bihurtzen NASAkoak baino hobeak izan dira bi ozeanografo: Curtis Ebbesmeyer eta James Ingraham. 1992ko urtarrilean, Hong Kongetik Estatu Batuetara zihoan itsasontzi batek sekulako ekaitza jasan zuen, eta 12 edukiontzi galdu zituen. Edukiontziek plastikozko 29.000 ahate, igel eta dortoka askatu zituzten ozeanora, eta geroztik igerian dabiltza, itsaslasterren mende. Bi ozeanografo horiek jarraipena egin diete plastikozko animaliatxoei, eta, hala, itsaslasterrak nondik nora dabiltzan jakin dute.

Baina are etekin handiagoa atera diote istorioari itsasertzean panpinatxo horiek topatu eta eBayen saldu dituztenek: 1.500 euro ere ordaindu ditu norbaitek plastikozko ahate errari baten truke.


Etiketak : ozeanografia
 
Oersted-en “betaurreko” egokiak Inprimatu E-posta
Atala : Hara! Egilea Ana Galarraga noiz 2010-02-22 11:38

oersted.jpgLouis Pasteurrek zioenez, txiripak buru aditu bati bakarrik egiten dio mesede. Alegia, begira-begira jardun arren, elefante berde bat begien aurrean izan arren, begiratzen ez dakienak ezin ikusi!
H. C. Oersted fisikari daniarrak erakutsi zuen ondo aurreko esaldiaren funtsa. 1802. urtean, elektrizitatearen eta magnetismoaren arteko lotura aurkitu zuen, txiriparen laguntzaz izan bazen ere. Baina gogoratu: txiripak, zientziaren munduan, ez du musu-truk egiten lan, oro har. Kasualitatea aprobetxatzen asmatzeko, ezinbestekoa da betaurreko egokiak janztea.

Gehiago irakurri...

Etiketak : fisika
 
Hildakotatik bizidunak sortzeaz Inprimatu E-posta
Atala : Hara! Egilea Ana Galarraga noiz 2010-02-22 11:25

bizidunak_sortzen.jpgAristotelesek uste zuen zizareak eta intsektuak berez sortzen zirela hildako materiatik. Teoria horrek mende luzez iraun zuen, eta garai bakoitzeko zientzialariek teoria baieztatzen zuten frogak bilatu eta aurkitu zituzten.

Esate baterako, 1667an, Johannes Baptista Van Helmont medikuak saguak sortzeko errezeta bat proposatu zuen Ortus Medicinae liburuan: "gariz batetako aho zabaleko ontzi batean azpiko arropa izerditua jartzen badugu, 21 egunen buruan usaina aldatuko da eta gariaren azaletik sartuko da, eta garia sagu bihurtuko da; nabarmentzekoa da sagu horiek bi sexutakoak direla eta normal jaiotako saguekin gurutza daitezkeela".


Gehiago irakurri...

Etiketak : biologia
 
<< Hasi < Aurrekoa 1 2 3 Hurrengoa > Azkena >>

Emaitzak 1 - 9 Guztira: 26

Ikusienak
Azkenak
Gai Zerrenda
ideologia arte fisika jasangarritasuna nekazaritza marrazki ametsak astrofisika astronomia internet kirola eboluzioa ederrak gastronomia nanoteknologia sobietar teknologia komunikazioa lankidetza klima ekonomia maitasuna artea bioteknologia unibertsitateak marketina neurozientzia lehiaketa anatomia ingurumena
Inkestak
Identifikazio-sistema biometrikoen alde zaude?