| Atala : Hara! Egilea irrika noiz 2008-10-09 09:12 |
1912an, Piltdownen,
Ingalaterran, hezur-aztarna batzuk aurkitu zituen harrobi bateko
langile batek, eta Charles Dawson arkeologo afizionatuari eraman
zizkion. Dawsonek Woodward paleontologo famatuarekin batera aurkeztu
zituen Londresko Geologia Elkartean. Eoantropus dowsonii
izenaz bataiatu zuten, eta gizakiaren aitzindari zen hominido gisa
sailkatu zuten. Laster, testuliburuetan ere agertu zen gizakiaren
aurrekari gisa.
Buru-hezur baten zati
bat, masail-hezur bat eta betortz bat ziren. Zituzten
ezaugarriengatik, tximinoaren eta gizakiaren arteko espezieren bat
zen, eta laster hasi ziren katebegi galduaz hitz egiten, hau da,
hominidoetatik gizaki modernora iritsi arteko lerroan falta zen
espeziea zela esaten.
Baina, urte batzuk
geroago, A. T. Marston haginlariak frogatu zuen masail-hezurra
orangutan batena zela, betortza tximino batena eta buru-hezurra
gizaki moderno batena (Homo sapiens). Espezieen arteko puzzle
bat zen! Hezurrei egindako azterketa berriek frogatu zuten iruzurra
izan zela: hezurrak espezie eta garai desberdinetakoak ziren, eta
kimikoki tratatuta zeuden, kolore berdintsua izan zezaten.
Oraindik ez da argitu
nork gauzatu zuen iruzurra. Askok Dawsoni leporatzen diote errua.
Beste batzuek, ordea, Sollasek gauzatu zuela uste, Woodward-en arerio
batek, hura barregarri uzteko. Hala eta guztiz ere, argi dago behin
ere ez zela existitu Eoantropus dawsonii, eta, hortaz,
katebegi galduak galdurik jarraitzen duela oraindik.
Egileen iruzkinak (0)
Komentarioaren hizkuntza Euskara (0), Castellano (0), English (0) |
|
|