|
Iraganean kale, eta orain bale? Ez beti... |
|
|
| Atala : Hara! Egilea Ana Galarraga noiz 2008-11-06 12:51 |
Erasistrato antzinako Greziako sendagile bat zen. Anatomia sakon ikertu
zuen, eta aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen. Adibidez, zainen eta
arterien sistemen erdigunea bihotza zela ikusi zuen, baita zainetatik
odolak zirkulatzen zuela ere. Alabaina, arterietan odola egotea
gaixotasun-seinale zen harentzat, arterietatik airea igarotzen zela
uste baitzuen. Eta horixe esan nahi du, hain justu, arteria hitzak,
grekoz hitz hori aire izena eta eduki aditza elkartuta sortu zen eta.

Gaur egun, sendagileek ondo ezagutzen dute zirkulazio-aparatua. Ukaezina da zientziak aurrera egin duela arlo askotan. Baina zientzialariek oraindik izaten dituzte hanka-sartzeak, baita munduko espazio-agentzia ospetsuenean aritzen direnek ere. Gogoratu, bestela, zergatik galdu zuen Marten orbitatzaile klimatikoa. NASAko ingeniariek batzuetan sistema metrikoa erabiltzen dute neurketak egiteko, eta beste batzuetan, berriz, sistema anglosaxoia. Bada, orbitatzailea egitean, biak nahastu zituzten, eta, horrenbestez, Martera iritsi zenean, galdu egin zuten, bi zentimoko txanpona balitz bezala.
Egileen iruzkinak (0)
Komentarioaren hizkuntza Euskara (0), Castellano (0), English (0) |
|
|