IRRIKA (GOIBURUA)
Aldizkaria
Erreportajeak
Albisteak
Zertan bertan
Elkarrizketak
Irrikatzaileak
Fokua
Abroad
Zirrika
Mass Media
Ezkutuko zientzia
Hara!
Flax1... 2Hitz
...www...
Erlazionatutako Berriak
 
Burukada garunaren barrenera Inprimatu E-posta
Atala : Erreportajeak Egilea Arantxa Txintxurreta noiz 2008-02-28 05:49

 

Imajinatu etxe bat, bi solairukoa, goian ganbara eta behean sotoa dituena. Hasieran sotoa bakarrik eraiki zuten; horregatik da etxearen gelarik zaharrena. Denborarekin, solairuak gehitzen joan ziren. Lehen solairuan gela bakarra dago, handia eta dotorea, zahar samarra bada ere. Bigarren solairura igotzeko eskailera zabal batzuk daude, eta eskaileraren bukaeran bi gela, bata eskuinera eta bestea ezkerrera. Gela batetik bestera joatea erraza da, metro gutxi batzuk besterik ez daude eta tartean. Eta pixka bat goraxeago ganbara dago, etxeko alderik modernoena. Labirinto-itxura du, eta oso misteriotsua da. Eskailera handi horrez gain, beste eskailera asko daude, etxeko edozein txokotatik edonora joateko.


Etxe horrekin aldera dezakegu burmuina. Ez dago adreiluz egina, neuronaz baizik. Eta, neuronen arteko elektrizitateari eta kimikari esker, martxan dabil gau eta egun. Eta, martxan jarrai dezan, bizipenez, sentimenduz, memoriaz eta ikasketaz bete ditzakegu gelak. Ausartuko zara etxea goitik behera ezagutzen?


Ganbara neokortexa litzateke, azala, milimetro gutxi batzuk neurtzen dituen aldea, materia grisez osatutakoa. Arazo bati irtenbidea aurkitzeko zailtasunak badituzu, neokortexari eskatu kontuak, zati hori arduratzen baita lan horretaz. Alde arrazoiduna da, gizakia gizaki egiten duen aldea. Logika erabiltzen du, eta kontzienteak diren emozioak prozesatzen ditu. Gainera, kritikoa eta sortzailea da. Gizakiarentzat funtsezkoa bada ere, ez da oraindik guztiz ezagutzen.


Bigarren solairuko gelak garunaren ezkerreko eta eskuineko hemisferioak dira. Oro har, gorputzaren ezkerraldeak jasotzen dituen kinadak eskuineko hemisferioan prozesatzen dira, eta alderantziz.

Hemisferio bakoitzak bere erara prozesatzen du informazioa. Ezkerraldea kalkulatzailea da, komunikatiboa, analitikoa, zehatza, logikoa, eta plan konplexuak egiteko gai da. Eskuina sentibera da, irudimentsua, eta orokorrean hartzen ditu gauzak, bereizketak eta zatiketak egin gabe.

Hala ere, erdi batek jasotzen duen informazioa berehala iristen zaio beste erdiari ere, komunikatuta daudelako. Hortaz, erantzuna bateratua izaten da.


Lehen solairua garun linbikoa da, emozioez arduratzen den aldea. Han sortzen dira emoziorik primitiboenak: mehatxu baten aurrean alarma pizten duena da, irribarre faltsuak detektatzen dituena, gogoko dugun pertsonarekiko edo bideo-jokoarekiko desioa sortzen duena...

Kanpotik kinada bat jaso eta ia automatikoki erantzuten du: irribarrea ateratzen zaigu orduan, edo ihes egiten dugu, edo... Baina kinada jaso eta ia berehala, informazioa neokortexera heldu da, eskailerei esker. Eta neokortexean plan arrazoidun bat prestatzen da: hasierako erantzuna aproposa zela berresten bada, gorputzak eman duen erantzunarekin jarraituko du (irribarrea, ihesa…). Kortexaren iritziz erantzuna ez bada egokia, ordea, hasierako erreakzioa eteteko agindua emango du.

Horrek azaltzen du umeek zergatik hartzen dituzten izugarrizko kasketa zoroak: jaiotzen garen unetik gai gara garun linbikoan kinadak hartzeko, baina jaioberrietan kortexa heldu gabe dugu. Horregatik, emozioen kontrol txikiagoa dute umeek helduek baino.


Azkenik, sotoa. Han sugeak daude. Ez, ez da egia, baina narrastietatik datorkigun arrasto bat da zerebroaren zati hori, eta narrastien garun deitzen zaio. Alderik zaharrena da, primitiboena. Gorputzaren oinarrizko funtzioak kontrolatzen ditu, adibidez, taupaden erritmoa, arnasketa. Garun honek ez du pentsatzen, ez du sentitzen; ekintzetara igarotzen da zuzenean, oso instintiboa da.

 Mitoa

garuna3

Mitoak

Ikertzeko zaila denez, garuna misterio, mito eta sinesmen faltsu ugariz inguratuta dago. Hona hemen horietako batzuk:

Burmuinaren %10 soilik erabiltzen dugu. GEZURRA!

Garunean dauden zelulen %10 bakarrik dira neuronak , baina horrek ez du esan nahi haiek bakarrik erabiltzen direnik: burmuineko zati guztiak dira aktiboak.

Hizkuntza bat edo beste edozer gauza ikas genezake lotan gaudela. NAHI BAI! 

Oroimena lotan gaudenean sendotzen bada ere, ikasketa-prozesuetan informazioa jasotzeko eta prozesatzeko, pertsonak erabat esna eta erne egon behar du.

Gizon eta emakumeon burmuinak oso desberdinak dira. EZ DA EGIA

Badira desberdintasun batzuk, baina sexu bereko bi garunen artean desberdintasun gehiago topa daitezke gizonen eta emakumeen burmuinen artean baino.

  Burmuinaren tamainak garrantzia du pertsona baten adimena neurtzeko. EZ BA!

Neurona-kopuruak eta haien arteko loturek dute zer ikusia adimenarekin, ez garunaren tamainak. Ala kaxalotea zu baino adimentsuagoa dela pentsatzen duzu?

Neuronak galtzen dira, baina ezin dira berriak sortu. GEZUR HUTSA

Egia da gainerako organoek zelula berriak sortzeko gaitasun handiagoa dutela, baina burmuin heldu batek neurona berriak gara ditzake, baita 30 urtetik gora ditugunean ere.

 

 

 

 

 

Etiketak : Biologia Medikuntza
PDF Inprimatu Bidali lagun bati Gorde zabaldun Gorde bildun Gorde del.icio.usen Elkarbanatu facebooken Elkarbanatu twitterren

Egileen iruzkinak (0) RSS feed comment
Komentarioaren hizkuntza Euskara (0), Castellano (0), English (0)

Ez dago iruzkinik

Zure Iruzkina gehitu



mXcomment 1.0.5 © 2007-2010 - visualclinic.fr
License Creative Commons - Some rights reserved
 
< Aurrekoa   Hurrengoa >

Ikusienak
Azkenak
Gai Zerrenda
hizkuntza teknologioa pedagogia anatomia bizidunak zientzia hiesa gastronomia fisika lehiaketa ozeanografia sariak farmazia ametsak zinema jasangarritasuna literatura eboluzioa unibertsitateak animaliak ingenieritza historia arkitektura osasuna telebista fauna arrantza tenologia ingurumena matematika
Inkestak
Identifikazio-sistema biometrikoen alde zaude?