IRRIKA (GOIBURUA)
Aldizkaria
Erreportajeak
Albisteak
Zertan bertan
Elkarrizketak
Irrikatzaileak
Fokua
Abroad
Zirrika
Mass Media
Ezkutuko zientzia
Hara!
Flax1... 2Hitz
...www...
Erlazionatutako Berriak
 
Ines Osinaga Inprimatu E-posta
Atala : Elkarrizketa Egilea Lorea Arakistain noiz 2009-09-21 11:35

“Neska normala eta zentzuduna banintz, ingeniaritza ikasiko nuke, kooperatibetan lan egingo nuke, eta, segurenik, hipoteka bat edukiko nuke”

 

ines_osinaga.jpg

 

Ines GOSE da. Gauza askoren gose. Eta eszenatokira igotzen denean, “on egin “ opa die ikusleei. Taula gainetik jaitsitakoan, beste hainbat gauza egiten ditu. Biologia- eta irakasle-ikasketak egin ditu UPV/EHUn, eta Biokimika ikasten dihardu. Zentzuduna ez izateko zentzu handiz hitz egiten du. Orain ia hamar urte, Biologia ikastea erabaki zenuenean, pentsatzen zenuen etorkizunean?
Bai, pentsatzen nuen, baina hamazortzi urterekin eta hogeita zortzirekin ez da berdin pentsatzen. Ikasle ona nintzen, eta goi-mailako karrera bat egin nahi nuen. Eta etxetik irten nahi nuen. Bilbo oso leku polita iruditu zitzaidan. Lehenengo non ikasi erabaki nuen; eta, gero, zer ikasi. Biologiako oso irakasle ona izan nuen Batxilergoan, eta hark harrapatu ninduen. Orain aukeratu beharko banu, segur aski, orain dudan bizitzarako zerbait praktikoagoa aukeratuko nuke: marketina, komunikazioa, enpresa, ekonomia edo informatika....

Baina biokimika ikasten diharduzu orain.
Biokimika izan da beti biologian gehien gustatu zaidan alorra. Biologia handia esaten diodan hori, ekologia, zoologia, antropologia, ez zait sekula gustatu. Gustatu izan zaizkit molekula txikiak, erreakzioak eta karbono-oxigeno loturak. Animatu egin naiz, eta oso pozik nago.

gose.jpgTartean, irakasle-ikasketak.
Alde batetik, bokaziozkoa izan da, eta, bestetik, praktikoa. Biologiako 2. mailan dagoeneko ematen nituen klaseak musika-eskolan, eta uste nuen nire ikasleei zor nien zerbait zela. Pedagogia apur bat... ez bakarrik pentagramak, beltzak eta kortxeak. Irakaskuntza asko gustatzen zait, eta uste dut biokimika eta rock & rolla amaitzen direnean irasle izango naizela; hori gustatuko litzaidake. Ez musikakoa, zientzietakoa.

Denbora gehiago eskaini diozu musikari.
Duda barik. Ez naiz oso ikasle profesionala. Dokumentazio-laguntza handia eman didate ikaskideek.

Musikaren aldeko apustua arriskutsua da.
Talde batek kantatu zuen "Euskadin rock and rollak ez du inoiz dirurik emanen". Egia da, Euskadin rock and rollak ez du duro puta bat ematen. Hobe dirua baduzu, frigorifikoa bete eta platerkada bat dilista edukitzeko... Baina ohitzen zara gutxirekin bizitzen, eta posible da. Orain, inork ez zuen esan ardi beltza izatea erraza zenik! Ni Arrasaten bizi naiz; industria indartsua dago, unibertsitatea dago -helburu jakin batzuetara bideratua-. Horregatik, ni neska normala eta zentzuduna banintz, herri honetan, ingeniaritza ikasiko nuke, kooperatibetan lan egingo nuke, segurenik hipoteka bat edukiko nuke, eta, igual, ezkonduta egongo nintzateke. Baina nik ez dut bizitza hori aukeratu.

Gosea elikagai-beharrak animaliengan sortzen duen sentsazioa da. Eta Gose?
Zerbaiten beharrak gugan sortzen duen sentimendua. Gauza askoren gose izaten ikasi beharko genuke. Elikagaien beharrak bultzatzen gaitu bizitza honetan borroka egitera. Gehiagoren bila joateak, beste ideal batzuen -nahiz eta utopikoak izan- edo balio batzuen atzetik joateak eramaten gaitu garatzera eta atzetik aurrera egitera.

Gluzidoak, lipidoak, proteinak eta azido nukleikoak, zer dira zuretzat?
Hori da behar dugun gasolina, adreiluak eta planoak, gu garena eraikitzeko. Benetan, asko interesatzen zaizkidan gauzak dira horrek. Oso mundu interesantea da bizidunena. Ez dago ingeniaririk halako makina perfekturik asmatuko duenik. Pasada bat da. Norbaiti apur bat interesatzen bazaio, gomendatuko nioke mundu horretan sartzea.

Aurreko belaunaldi batek trikitia bateria eta gitarrarekin elkartuta lortu zuen arrakasta, zuek elektronikarekin elkartuta... trikitiak, berak bakarrik, jada ez du funtzionatzen?
Trikitiak funtzionatzen du oraindik. Baina nik, hemen, ez dut erromeriarik bizi azkoitiar batek bizi izan duen moduan. Horregatik, igual, naturala da nik trikitia beste testuinguru batzuetan erabiltzea. Herri honetara ateratzen dugu trikitia urtean behin: mozorrotzen gara vasquitoz, txistorra jaten dugu, sagardoa edaten dugu eta, orduan, trikitia ateratzen dugu. Baina oso testuinguru folkloriko eta exotikoan. Nik trikitia jotzen nuen, eta musika elektronikoa gustatzen zitzaidan. Iñaki ezagutu nuen, eta hari ere gustatzen zitzaion, eta gauza naturala izan da. Nahasten direnak ez dira estiloak, dira pertsonak eta pentsatzeko moduak. Hor dago aberastasuna. Ez dugu bilatzen trikitia salbatzea, ez fusionatzea eta modernizatzea, ez tradizioarekin apurtzea, ez horrelako ezer. Gaur egun, dena ordenagailuarekin egiten dugu, baita guk kantuak ere. Ez da horren gauza arraroa. Nire amarentzat bai, noski. Baina nire amak flipatzen du nire anaia Tuentin sartu eta lagunekin pantaila baten aurrean hitz egiten ikusten duenean.

Zuk zeuk ere ia utzi zenuen trikitia, eta trikitia irakasten hasi zinen
Denok izan dugu sasoi konformagaitz bat. Trikiti-txapelketak alde batera utzi, Ekonen abesten hasi, eta rock and rollaren gitarra distortsionatuen munduan hasi nintzenean, 16-17 urterekin, "ya esta" esan nuen. Ez dut gehiago trikitirik joko bizitza osoan! Baina ez zen horrela izan, zorionez. Apurtzeagatik eta kontra egiteagatik zen. Hori ere pasatzen da, barizela moduan. Zergatik ez dut egingo gustatzen bazait? Eta irakaskuntza izan zen lotuta mantendu ninduena.

Ikasle ala irakasle hobea zara?
Irakasle. Ez naiz batere ikasle eredugarria. Klasera falta izan naiz nahi eta behar baino gehiago. Apunteak eskatzen ibiltzen naiz... nahiz eta gero gauzak ondo ateratzen diren. Gehiago gustatzen zait irakastea. Interesgarriagoa da irakaslearen rola: konektatzea, komunikatzea.gose2.jpg

Ez da erraza....
A grosso modo, eta errespetuagatik, bi ofizio daude benetan bokaziozkoak izan behar dutenak: irakaskuntza eta medikuntza. Zuri ez bazaizu larregi gustatzen makina, baina torlojuak egiten badituzu... ba bueno. Baina jendearentzat lan egin behar baduzu... Benetan, ez baduzu mediku izan nahi, mesedez ez izan. Izan zaitez igeltsero edo beste edozer gauza. Eta irakasle berdin. Oso erraza da ikasle onari erakustea, bakarrik ikasten du. Hor dago erronka: ikasle txarra esaten diogun hori zirikatu eta interes pixka bat sortu, konektatu... oso lan polita da. Asko ematen du.

Probokazio hitzarekin lagunduta dator beti Ines. Hori da zure etiketa?
Bai, ez da besterik.

Eta sexu hitzarekin lagunduta dator sarri Gose. Hori da Goseren etiketa?
Bai. Gu ez gara ari beti sexuaz hizketan. Lehen diskoan, hamarretik bat edo bi izango dira sexuari buruzkoak. Hiru? Bale. % 30. Nire lagunekin nagoenean, modu batean edo bestean, elkarrizketen % 30 baino gehiago dira sexuari buruzkoak.

Esaten duzunak ala esateko moduak ematen du arreta?
Igual bai. Hori amak esaten dit: "Ai neska, berba egiten duzu ta-ta-ta ematen du dena oso argi daukazula, baina gero ez da horrela" Bai, ama, bai... baina disimulatu egiten dut!.

Diskoa grabatuta dago. Izenik badu?
Ez du izango, kolore bat izango da. Eta borobila.

Eta barrukoa.
Hirugarren atala izango da. Berdina izaten jarraituko du. Saiatuko gara letrekin... mmm.... agian, bat edo beste haserretuko da.

Eredurik baduzu? Zientzialari bat, musikari bat, irakasle bat.
Zaila! Ereduak denok ditugu, eta behar ditugu, baina ereduak aldatzen garen heinean aldatzen dira. Nire aita oso eredugarria izan da niretzat, beste inor baino gehiago agian. Irakasle bat esan dut, Batxilergoko 2. mailan Biologiako irakasle izan nuen Itziar, nire bizitza markatu duelako. Unibertsitatean ere topatu ditut oso irakasle onak, eta oso txarrak. Eta gustatzen ez zaidanean asko protestatzen dut. Irakaslea ona bada, sartu aurretik mahaian eserita egoten naiz, boligrafoa eskuan hartuta, zer kontatuko duen zain.
Zientzian, Watson eta Crick; orain ikusten da zer ondorio dituen eurek egindakoak. Craig Venter zientzialari enpresario eskrupulu gabekoa; jakin du probetxu ateratzen, eta ez da txarra.
Musikariarena da zailena, asko daudelako. Gertuko bat, Euskal Herriko bat, trikitilari bat, kanpoko bat, ordenagailuaren atzean egoten den bat... bakoitzeko bat esango nizuke. Ez dizut bat esango!


Etiketak : biologia biokimika musika irakaskuntza
PDF Inprimatu Bidali lagun bati Gorde zabaldun Gorde bildun Gorde del.icio.usen Elkarbanatu facebooken Elkarbanatu twitterren

Egileen iruzkinak (0) RSS feed comment
Komentarioaren hizkuntza Euskara (0), Castellano (0), English (0)

Ez dago iruzkinik

Zure Iruzkina gehitu



mXcomment 1.0.5 © 2007-2010 - visualclinic.fr
License Creative Commons - Some rights reserved
 
< Aurrekoa   Hurrengoa >

Ikusienak
Azkenak
Gai Zerrenda
astronautika neurozientzia bizidunak farmazia marrazki sariak lysenko sobietar eboluzioa gastronomia bioteknologia kirola biokimika medikuntza biologia telebista geografia osasun ideologia elikagaiak artea lankidetza teknologioa astronomia zinema elikadura informatika tenologia ederrak lehiaketa
Inkestak
Identifikazio-sistema biometrikoen alde zaude?