Arkaitz Gaztañaga Agirre: “Robotak aurreskua dantzatzen ikasi du, eta nik ere bai!”
Atala : IrrikatzaileakEgilea irrika noiz 2008-06-20 11:57
Informatika ingeniaria
Bizkaitar honek betidanik izan du gustuko teknologia: telefono mugikorrak, ordenagailuan saltsan ibiltzea... Horregatik, karrera-bukaerako proiektua ere gailu elektroniko baten azterketa eta moldaketan zentratu zuen. Emaitza, aurreskua dantzatzen dakien robota.
Zergatik aurreskua dantzatzen duen robota?
Egia esan, proiektua askoz zabalagoa da. Proiektu bat aukeratu behar nuen, eta konfiantzako irakasle batengana jo nuen. Hark esan zidan Robonova 1 izeneko robota iritsi berria zela unibertsitatera, eta ikertzeko zeudela haren nondik norakoak: nola kontrolatzen zen, zein mugimendu egin zitzakeen, nola eta abar. Egin dudan lan guztiaren zati txiki bat izan da robotari aurreskua dantzatzen erakustea.
Baina robotak ez zekien dantzan zu ezagutu aurretik.
Gutxi gorabehera. Robotak mugimendu-sekuentzia batzuk zituen barneratuta. Guk haiek ikertu genituen, eta mugimendu-sekuentzia haiek dantza gisa uler daitezkeela uste dugu. Horregatik, hemengo dantza bat erakusten saiatu ginen. Aurreskua ez da batere dantza erraza; geure buruari erronka hori jarri, eta robotari hemen tradiziozkoa den dantza hori erakustea erabaki genuen.
Nola erakusten zaio robot bati dantzan?
Horretarako, laguntza handia izan dut. Nik ez nekien aurreskua dantzatzen; beraz, lagun baten laguntzaz aztertu behar izan nituen dantzaren pausoak. Lan horretarako, Euskal Dantzarien Biltzarrera ere jo nuen. Guztien laguntzaz pausoak ikasi, aztertu —nola jartzen den orpoa, nola jartzen den oin-punta— eta mugimendu horiek robotarentzako programatu nituen. Eta, hara! Robotak aurreskua dantzatzen ikasi du, eta nik ere bai!
Badakigu orain Irlandara zoazela ingelesa ikastera.
Bai, hala da. Europan robotikaren alorrean gauza asko egin daitezke, baina horretarako ingelesa ongi jakin behar da. Nik ez dakit guztiz ondo, horregatik noa denboraldi bat Irlandara, ingelesa ongi ikastera eta, bide batez, lanera.
Etorkizunean robotekin lan egiten jarraituko duzu?
Ez dakit. Informatika eta teknologiaren esparrua oso zabala da. Oraingoz ez ditut ateak itxi nahi. Robotika, domotika —etxebizitzei aplikatutako robotika—, autoen segurtasun-teknologiak eta halakoak oso gustukoak ditut, baina ez dut ezer aukeratu. Irlandatik bueltan graduondokoren bat egiten saiatuko naiz, eta, hortik aurrera, nork daki!
Piztu bozgorailuak.
Bideoaren abiadura moldatuta dago.
Egileen iruzkinak (2) Komentarioaren hizkuntza Euskara (2), Castellano (0), English (1)
Aupa Arkaitz, Ibai eta Ekaitz gara Itxaropena Ikastolakoak, zorionak eman nahi genizkizun egin duzun aurkikuntzagatik, ia itxaropena ikastolara bueltatzen zaren mate ematera eta bronkak botatzera, jajaja. Agur, zorionak