| Atala : Erreportajeak Egilea Arantxa Txintxurreta noiz 2008-09-15 08:43 |
Tsunami bat gertatu dela? Klima-aldaketaren ondorioa da. Aste osoan bero ikaragarria egin duela? Klima-aldaketaren ondorioa. Aterkia apurtu zaizula? Klima-aldaketaren ondorioa .
Ematen du azkenotan gertatzen zaizkigun gauza txar guztien errua klima-aldaketak duela. Edo, berotze globalaren errua dela. Edo, negutegi-efektuarena. Berdin dio: bizitza gehiegi trakesterik nahi ez badugu, zerbait egin beharra dago, edozer gauza arazoa konpontzeko. E-do-zer.
|
DEFINIZO BEROAK
Eguzkitik Lurrera iristen den erradiazioaren heren bat, gutxi
gorabehera, islatu egiten du Lurrak, eta berriz ere espaziora itzultzen
da. Gainerakoa xurgatu egiten dute atmosferak, ozeanoek, izotzak,
lurrak eta bizidunek. Sartzen den eta ateratzen den energiaren artean,
oreka hauskor bat dago, eta erradiazioaren joan-etorri hori aldatzeko
gai den edozein faktorek klima alda dezake.
Klima-aldaketa: kliman gertatzen den aldaketa da. Berez gerta
daiteke, eta horren adibide dira Lurraren historian gertatu diren
glaziazioak. Eta, dirudienez, giza jarduerak ere eragin dezake klima
aldatzea, berotegi-efektua areagotzen duten gas ugari isuriz edo basoak
larre bilakatuta, adibidez.
Berotze globala: Lur planetako airearen berotzea da. Datuen arabera,
airearen tenperatura 0,7 °C igo da neurtzen hasi zirenetik.
Atmosferaren berotzearen ondorioz, ekaitzak zein lehorteak sortzen
dira. Baina tsunamiak lurrikaren ondorioak dira, ez airea berotzearen
ondorio!
Negutegi-efektua: hainbat gasek —karbono dioxidoak, metanoak, ur
lurrunak eta nitrogeno oxidoak adibidez— ez diote ihes egiten uzten
Eguzkitik datorren energiaren zati bati. Horrenbestez, Lurreko airea
berotu egiten da. Industrializazioaren ondoren, gizakiaren
jarduerarengatik, negutegi-efektua sortzen duten gasen kontzentrazioa
handitu egin da, eta berotze globalaren erantzuletzat hartzen dira.
|
Adibidez, poloetako izotza krema babesle batez igurtzi dezakegu; horrela, beroagatik horrenbeste urtzea saihestuko dugu. Eta, hala, ez da itsasoko uren maila igoko eta... uf, oraindik garaiz nago Venezia ezagutzeko!
Ez da txantxa; Suitzako Landolt enpresak izotza ez urtzeko produktu bat sortu du, eta dagoeneko probatu dute Andermatteko glaziarrean, Suitzan. Ez da krema bat, estalki bat baizik. Azpialdea polipropilenoz egina dago, eta beroa igarotzea eragozten du. Goialdea, berriz, zuria da, elurra bera bezala; poliesterrezkoa da, eta izpi ultramoreak islatzen ditu. Estalkiari esker, elurra ez da urtzen, eta, hartara, eskiatzaileek udan ere gozatzeko aukera izan dute glaziarreko eski-pistetan.
Beste batzuek sakonagotik heldu diote arazoari. Atmosferan karbono dioxido gehiegi dagoela? Bada, garbi dezagun aireko karbono dioxidoa. Nola? Itsasora burdina botata. Bai, bai, horixe egin du, adibidez, Kaliforniako Planktos enpresak. Burdinak algak ugaritzea eragiten du, eta algek karbono dioxidoa xurgatzen dute. Horren ondorioz, gutxitu egiten da aireko karbono dioxidoa. Enpresa horren kalkuluen arabera, itsasora botatako burdin tona bakoitzeko airetik 100.000 tona karbono erauztea lortzen da.
Baina... proiektu horiek ere badituzte alde txarrak. Glaziarrak ez urtzeko asmatu duten estalkiak funtzionatzen duela frogatu dute. Baina ezinezkoa da glaziar guztiak eta Artikoa eta Antartika horrekin estaltzea. Horrez gain, glaziar haren inguruko ekologistek salatu dutenez, ekimena ez da klima-aldaketaren aurkakoa izan, baizik eta eski-estazioaren aldekoa. Ekologisten ustez, helburua eskiatzaileak erakartzea izan da, eta haiek autoetan joaten dira, eta energia kontsumitzen dute... Eta horrek guztiak ez dio inolako mesederik egiten glaziarrari, noski.
Itsasoan algak hazteak ere baina-ren bat izan dezakeela susmatzen dute zientzialari askok. Ez dute uste enpresak esaten duen bezain eraginkorra izango denik; are gehiago, batzuk ziur daude ez duela ezer konpontzen. Eta, gainera, albo-ondorioak izan ditzakeela pentsatzen dute. Azkenean, badaezpada ere, Nazio Batuek debekatu egin diete Planktos enpresari eta horretan dabiltzan guztiei burdina botatzea itsasora.
Hala eta guztiz ere, borondate oneko zientzialari ameslariek ez dute etsitzen, eta klima-aldaketari aurre egiteko proposamen erradikalak aurkezten jarraitzen dute. Ideia gehienak aurrera eramateko zailak, edo, ia ezinezkoak dira. Teknologiak mugatzen ez dituen horiek, ekonomiak gelditzen ditu.
Bestalde, askoren kezka da jendea ez dela berotegi-efektuaz arduratuko halako aurrerapenak posible direla zabaltzen bada, eta, beraz, ez dutela ezer egingo horretan eragiten duten gasak ez isurtzeko.
Eta, hain justu, askorentzat azken hori da benetan egin daitekeen gauza bakarra: ahalik eta gutxien isurtzea. Nola? Autoz joan beharrean, garraio publikoa erabiliz, edo, are hobeto, bizikletaz edo oinez joanda. Urrutitik ez, baizik hurbiletik datozen produktuak kontsumituz. Papera zentzuz erabiliz... Entzuna egiten zaizu, ezta?
Ados, neurri horiek ez dute berotzea eteten, geldotu baizik. Hortaz, geldotzearekin irabazten dugun denboran ideia erradikalagoren bat bururatzen bazaizu, NASAk diruz lagun zaitzake, horretarako programa bat baitauka. Aireko karbono dioxidoa gutxitzeko ideia zororen bat pentsatu baduzu, berriz, Richard Branson superaberatsak sortutako lehiaketan har dezakezu parte: 25 milioi dolar irabaz ditzakezu!
|
EZETZ ASMATU
Nire bizilaguna suhiltzailea da. Handia, gihartsua, azkarra, ausarta...
eta, batzuetan, ideia zoroak izaten ditu. Garbiñe du izena.
Ea asmatzen duzun klima-aldaketari aurre egiteko ideia hauetatik zein
diren Garbiñerenak, eta zein puntako zientzialarienak.
Estralurtarren teknologia erabiltzea
Garbiñerena izan zitekeen ideia hau, baina Kanadako defentsa-ministro
ohiarena da, Paul Hellyer-ena. Pentsatzen du estralurtarren ontzietan
energia lortzeko puntako teknologia dagoela, eta, mundu osoko gobernuek
halako ontziak ezkutuan dituztelakoan, arren eskatu die ontzi horiek
argitara ateratzeko.
Supermegasumendi bat eraikitzea
Sumendi-erupzioetan sufrea askatzen da atmosferara, eta horrek Lurra
hoztea eragiten du. Horretan oinarrituta, berotze globalean Australiako
aditurik ezagunena denak, Tim Flannery-k, estratosferan sufrea
txertatzea proposatu du. Sumendietan sua besterik ez du ikusten
Garbiñek; nola bururatuko zitzaion horrelakorik?
Hosto distiratsuko landareak landatzea
Kaliforniako Unibertsitateko aditu batzuen arabera, horrelako landarei
esker, atmosferaren tenperatura jaistea lortuko litzateke, izpiak
islatzen dituztelako. Gainera, genetikoki eraldatutako espezieak erabil
daitezke, % 5 baino gehiago islatzen baitute. Garbiñeri ez zitzaion
horrelakorik bururatuko, transgenikoei beldur dielako.
Lurra CD erraldoiez estaltzea
Imajinatu metro erdiko diametroko CDak, meheak eta arinak. Horrelako
16.000 bilioi diskoz, argia desbideratuko duen estalki bat egitea da
ideia. Norena? Ez da Garbiñerena, Arizonako Unibertsitateko Roger
Angelena baizik.
Izotz gazia sortzea
Artikoko izotza urtzen ari da, eta horrek eragina du kliman,
ozeanoetako ur-korronteak aldarazten dituelako (eta horiek klimaren
erregulazioan parte hartzen dute). Zer egin hori saihesteko? Alberta
Unibertsitateko Peter Flynn ingeniariak ideia bat du: neguan, airera ur
gazia botatzea Artikoan; hala, izotz gazia sortuko litzateke.
Udaberriko beroak izotz hori urtzean, ur gazia itsasokoarekin nahastuko
litzateke. Eta horrek ez luke hainbeste eragingo kliman.
Lurraren orbita handitzea
Munduan dauden arma nuklear guztiak hartu, eta, haien indarra modu
kontrolatuan erabiliz, Lurra Eguzkitik urruntzea bururatu zaio. Lurra
hozteaz gain, armarik gabe geratuko litzateke! Ideiaren sortzailea:
Garbiñe!
|
INKESTA
Inkestagile bihurtuta, ingurukoengana jo dut, eta hemen bildu ditut jasotako erantzunak. Hau zen galdera:
KLIMA ALDATZEAK LURRA DESAGERTZEA EKARRIKO DU?
Julen, 20 urte, ikaslea;
badirudi zerbait nahi duela Ainhoarekin:
"niri ez galdetu, ni ez naiz izan".
Ainhoa eta Iñigo, 20 eta 23 urte, ikasleak eta lagunak;
Ainhoak ez
du Julenekin ezer nahi, Maider gustatzen zaiolako:
“Ez dakit, baina
Maiderrekin askotan hitz egin dut horretaz;
zerbait egin behar dugula
iruditzen zait”.
Iñigo: “Bai, ados nago, bestela bizidun guztiak desagertu egingo dira”.
Miren, Andorran bizi da eta haurtzaindegi
bateko kudeatzailea da,40 urte:
“no, perque la Terra se adaptarie;
als que si afectarie serie al esser humá”
Ana, eguraldi-emakumea, 36 urte:
"Debemos conocer los datos, las investigaciones y las diferentes corrientes de opinión,
debemos concienciarnos en aportar cada uno lo que buenamente pueda y entre todos cuidar nuestro planeta,
sin caer en los mensajes negativos que no ofrecen soluciones".
Xanti, arrantzalea, 65 urte:
"Batek daki, baina urtetik urtera arrain gutxiago dago,
eta hori ez da seinale ona".
Pako, baserritarra, 63 urte:
"Orain neguak garai batean baino epelagoak dira,
eta ez du lehen adina euri egiten.
Horrela jarraituz gero, Lurra desagertu, ez dut uste desagertuko denik,
baina beharbada bai guk ezagutzen dugun mundua"
Maider, laguna, 16 urte, 17 egingo ditu abenduan:
“Bo, hi ere ez hadi
hasi orain Maider bezala,
klima-aldaketarekin eta txapa sartzen”.
Egileen iruzkinak (2)
Komentarioaren hizkuntza Euskara (2), Castellano (0), English (0) |
|
|