| Hildakotatik bizidunak sortzeaz |
Aristotelesek uste zuen zizareak eta intsektuak berez sortzen zirela hildako materiatik. Teoria horrek mende luzez iraun zuen, eta garai bakoitzeko zientzialariek teoria baieztatzen zuten frogak bilatu eta aurkitu zituzten.
Esate baterako, 1667an, Johannes Baptista Van Helmont medikuak saguak sortzeko errezeta bat proposatu zuen Ortus Medicinae liburuan: "gariz batetako aho zabaleko ontzi batean azpiko arropa izerditua jartzen badugu, 21 egunen buruan usaina aldatuko da eta gariaren azaletik sartuko da, eta garia sagu bihurtuko da; nabarmentzekoa da sagu horiek bi sexutakoak direla eta normal jaiotako saguekin gurutza daitezkeela". Liburu hartan gauza interesgarri asko azaldu zituen, ondo azaldu ere. Alabaina, garai bereko beste mediku eta naturista bat, ordea, Francesco Redi, ez zegoen ados saguen kontuarekin, eta esperimentu bat egin zuen kontrakoa frogatzeko.Redik hildako suge bat eta arrain bat, eta haragi puska bat jarri zituen ontzi banatan, eta ondo itxi zituen. Beste horrenbeste egin zuen beste hiru ontzitan, baina haiek irekita utzi zituen. Eta ikusi zuen aurreneko ontzietan haragia usteldu egiten zela, eta ez zela bizidunik sortzen. Aldiz, irekitako ontzietan, euliak sartu-irtenean ibiltzen ziren, eta haietan bai, zizareak eta intsektuak sortu ziren. Redik proposatu zuen euliek hildako haragian utzitako arrautzetatik jaiotzen zirela zomorro haiek. Ikerketa gehiago egin zituen, eta argi eta garbi frogatu zuen hildako materiatik ezin dela bizidunik sortu. Gerora beste zientzialari askok baieztatu zuten Redi zuzen zegoela, tartean Louis Pasteur ospetsuak, eta gaur egun erabat baztertuta dago teoria hura.
|
Ez dago iruzkinik